Tolosandbluesen 20. urteurrena bederatzi kontzerturekin ospatuko dute

Ataria 2024ko eka. 14a, 11:59

Urte hauetan jaialdiak izan dituen laguntzaile guztiak eskertu ditu udalak. Ekainaren 27tik 30era izango dira kontzertuak, eta tartean, Billy Branch estatubatuarra ariko da.

Tolosandblues jaialdiaren 20. urteurrena modu berezian ospatuko dute ekainaren 27tik 30era. Euskal Herriko artistez gain, Herrialde Katalanetako, Frantziako edota AEBko artistak batuko dituzte. Euskal taldeak sustatzeaz gain, jaialdiari «indarra eta interesa» nazioarteko musikariek eman izan diote. Aurten Billy Branch Chicagoko (AEB) blues musikari ezaguna izango da Tolosan Euskal Herrira egin duen bigarren bisitan. Bi tolosar ere izango dira tartean, Star Blues taldean ibiltzen den Yon Labayen eta Ander Zubillaga gitarra jotzailea.

Aurtengo edizioa aurkezteko agerraldian parte hartu du Zubillagak eta alboan izan du Juantxo Izagirre. Duela bi hamarkada udalak herriko hainbat tabernarirekin sustatu zuen jaialdia eta ostalariak biltzen zituen Ezpeleta elkartean aritzen zen, hain zuzen, Izagirre. Hain zuzen ere,  20 urteotan jaialdiak izan dituen laguntzaile guztiak eskertu ditu Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak: «Lehen urteetan azpimarragarria izan zen ostalarien babesa». 

Aurten, urteurrenaren testuinguruan, Tolosako Udalak aurrekontu berezia bideratu du Tolosandblueserako eta 37.500 euro erabiliko ditu jaialdirako. «Hasiera apala izan bazen ere, sortu eta gutxira errotu zen jaialdia eta Euskal Herriko panorama espazioa eta erreferentzialtasuna irabazi ditu», esan du Ezeizak.

Laguntza egin duten guztiei eskerrak ematearekin batera, Ezeizak «luxuzko» laguntzaile baten ekarpena nabarmendu du, Iñigo Martin Baztarrikarena. «Blues zale porrokatua da eta programazioa osatzeko bere jakinduria eta grina jaialdiaren alde jarri ditu. Lan hori ere biziki eskertu nahi genuke». 

Martinek esan du ez zutela asko espero duela 20 urte honaino iritsiko zirenik. «Plazer handia da urtero jaialdirako blues programazioa prestatzea. Gogotsu gaude eta hasierako ilusio bera mantentzen dugu», esan du musika aditu eta ATARIAko kolaboratzaileak.

Aurtengoari begiratuta ahalik eta egitarau «irekiena» egiten saiatu direla aipatu du Martinek. Jaialdiaren antolatzaileak Tolosako Udalari eskerrak eman dizkio eta babesle bezala aritzen diren Asuncion Klinika,  Josean Goya eta aurten batu den La Toscana jatetxe italiarrari ere esker ona adierazi die.

Tolosandblues 2024

  • Ekainaren 27a, osteguna:
    • 20:00. Euskal Herria plazan: Noa & The Hell Drinkers (Euskal Herria). Donostiar banda blues klasiko eta garaikidearen egiten duen nahasketagatik da ezaguna. Polonian ospatu berri den European Blues Challenge leihaketan lehen postua lortu ondoren, inoiz baino gogotsuago daude munduan zehar ibiltzeko Thunder Tour 2022 bira frenetikoaren ostean.

  • Ekainaren 28a, ostirala:

    • 19:00. Gipuzkoa plazan: Martín Burguez (Herrialde Katalanak). Martín Burguez & His Rhythm Combok Rhythm & Blueseko klasikoak eta 40ko eta 50eko hamarkadetako musikaren eragin handia duten abesti originalak berpizten dituen show berria aurkeztuko dute.

    • 23:00. Txurrerian: Txell Sust Band (Herrialde Katalanak). Alejandro Sanzen korista gisa esperientzia duen ahots zoragarriarekin, swing, jazz eta blues nahasketa eskaintzen du abeslariak.

  • Ekainaren 29a, larunbata:

    • 13:00. Lopez-Mendizabal pasealekuan: Star Blues (Euskal Herria). Goierri barrenean sorturiko Blues Rock taldea 2010 eko irailean; rock klasikoen moldaketak eta bere abestiez osaturiko errepertorioa dute. Ezaugarri nagusiena, Blues musika euskaraz abesten dutela da. Taldekideen artean Yon Labayen tolosarra dago.

    • 18:30. Zerkausian: Ander Zubillaga (Euskal Herria). Tolosar gitarra-jotzailea, bluesa, country eta rocka uztartzen dituen Fingerstyle estiloagatik ezaguna.

    • 19:30. Plaza Berrian: Joan Pau Cumellas Band (Herrialde Katalanak). Bartzelonako bluesaren bi erreferentek gidatutako banda. Gai klasikoak eta berezko konposizioak jorratzen dituzte, jazz- eta country-osagaiekin.

    • 23:00. Plaza Berrian: Billy Branch (AEB). Chicagoko bluesaren legenda, hiru aldiz Grammy sarietarako izendatua eta Emmy eta Addy sari bana irabazitakoa. Billy Branch bluesaren hezkuntzaren aitzindaria da. Eskoletan bluesa ikasteko plan bat garatu zuen lehen artistetako bat izan zen. Euskal Herria bisitatzen duen bigarren aldia da.

  • Ekainaren 30a, igandea:

    • 13:00. Trianguloa plazan: Indigo Blues (Herrialde Katalanak). Sei emakumek osatutako taldea da, bluesaren dama handien klasikoak ukitu moderno batekin egokitzen dituena.

    • 20:00. Plaza Berria: Nico Wayne Toussaint Quintet (Frantzia). Bere belaunaldiko harmonika-abeslari nagusietako bat, energia eta poz kutsakorraz ezaguna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!