Akordioa Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzuan

Ataria 2024ko ekainaren 13a

Hainbat astetako mobilizazioen ondoren, Tolosako etxez etxeko laguntza kudeatzen duen Matia Goxara enpresak eta ELAk akordioa sinatu dute gaur, Lan Harremanen Kontseiluan.

Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek akordioa itxi dute gaur, eta gutxieneko %31ko soldata igoera lortu dutela nabarmendu dute. Zerbitzuko langileek hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan euren lan baldintzak hobetzeko eta azkenean Tolosako etxez etxeko laguntza kudeatzen duen Matia Goxara enpresak eta ELAk gaur sinatu dute akordioa. Zerbitzuak duen lehen hitzarmena dela esan dute. «Langileek oso positibotzat jo dute hitzarmen berria. Akordioak, besteak beste, bajen osagarrietan hobekuntzak eta hurrengo hiru urteetarako gutxienez %31ko soldata igoera jasotzen ditu», esan dute. «Beste behin ere azpimarratu behar dugu mobilizazioen garrantzia, publikoa izan behar duen zerbitzu pribatizatu bat duinduko duten akordio onak lortzeko», gaineratu dute.

ELA sindikatuak esan du zerbitzua publikoa dela, titularra Tolosako Udala delarik, baina pribatizatuta dagoela. 53 bat langilek egiten dute bertan lan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!