Tolosaldea IKT, urteko garai garrantzitsuenean

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 13a, 11:00

Udari begirako egitasmoez gain, datorren denboraldirako matrikulazioa zabalik dute eta hainbat txapelketetan murgilduko dira.

Tolosaldea IKT klubarentzat urteko garai garrantzitsuena izaten da oraingoa. Batetik, udako eskaintza bereziak eskainiko dituelako haur zein helduentzat, eta, bestetik, klubeko igerilariak txapelketa garrantzitsuenetan murgilduko direlako. Horrez gain, abian jarri dute matrikulazio kanpaina datorren denboraldirako.

Udako ekitaldiei dagokionez, Trikanpusa da horietako bat. Ekainaren 25etik uztailaren 30a arte izango da, eta asteka banatzen dute. «Triatloiaren oinarriak lantzen dira eta haurrek ezagutza horiek jolasen eta ariketan bidez jasotzen dituzte», azaldu du Beñat Bidaola teknikariak. 6 eta 14 urte bitartekoentzat zuzendutako egitasmoa da, 09:00etatik 13:00etara. Izen ematea irekita dago, eta behin hasten denean ere ez da ixten.

Master mailako edo helduentzako ere eskaintza badute klubetik. «18 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago, bere igeri teknika hobetzeko, edo, adibidez, udan zehar antolatzen diren zeharkaldiren bat prestatu nahi badute», esan du Bidaolak. «Triatloiak prestatzen dituztenentzat ere igeriketa saioak ematen ditugu». Urte osoko eskaintza dute berez master taldearentzat, eta uztailean helburuen arabera proposamen eta planifikazio ezberdinak eskaini ahal dituzte.

Bestalde, datorren denboraldiari begira ere jarri da Tolosaldea IKT, matrikulazioa zabalik dutelako. Horri begira, datorren astean haurren igeriketa maila ikusteko saioak antolatu dituzte, hilaren 18an eta 20an, 16:30ean, Usabal kiroldegian. Bidaolak azaldu duenez, matrikulazioa oso garrantzitsua da klubaren egonkortasunerako: «Gure helburua igeriketa erakustea da eta horregatik dugu eskola. Klubaren diru sarrera nagusia da, eta aurreko urtean Usabal kiroldegian izan zen grebaren ondorioz irailean itxita egon zenez, matrikulazioa asko jaitsi da denboraldi honetan, eta aurrekoarekin alderatuta 100 igerilari gutxiago izan ditugu. Horrek ekonomikoki asko eragin dio klubari, eta orain berriro ere matrikulazioa handitu nahi dugu egoerari buelta emateko».

Izena emateko edota klubarekin harremanetan jartzeko 688 807 405 zenbakira deitu daiteke edo whatsapp mezu bat bidali. Era berean, teknikariak@tolosaldeaikt.eus helbidera ere idatzi daiteke. Bestalde, kartelak ere zabaldu dituzte eskaintzekin; bertan qr kodeak jarri dituzte eta horiek izena emateko galdetegira bideratzen dute.

TXAPELKETAK USABALEN

Lehiaketari dagokionez, denboraldian zehar egindako lana erakusteko momentua izaten da oraingo garaia txapelketa garrantzitsuenekin. Usabalen egingo dira horietako batzuk. Hain justu, asteburu honetan Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Tolosan, infantil eta alebin mailakoa. Ekainaren 22an eta 23an, goiz eta arratsaldez, alebin mailako Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan Usabalen. «Deialdi berezia egin nahi diegu txapelketa honetarako igerilarien gurasoei eta igerilari ohiei, bere laguntza beharrezkoa izango delako antolakuntzarako», zehaztu du Bidaolak. Uztailaren 6an eta 7an junior eta absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa izango dute Usabalen ere. Urtero San Juan Saria antolatzen dute klubetik, eta ziurrenik uztailaren 13an egingo litzateke.

Klubarentzat txapelketa garrantzitsuena Espainiako Txapelketa izango da, absolutu eta junior mailan, ekainaren 18tik 23ra bitarte, Mallorcan (Herrialde Katalanak). Bertara Tolosaldea IKTko sei igerilari joango dira: Nahia Garrido, Irene Sagarna, Malen Zubeldia, Mattin Zubeldia, Ugaitz Aranbarri eta Igor Arrigain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!