Elkarrizketa

«Bi urte pasa ditut hiru zentimetro gainditu nahian»

Imanol Garcia Landa 2024ko eka. 13a, 07:59

Euskadiko marka egin ondoren, errekorra hobetzea du helburu Maria Felisa Okomo tolosarrak. Txapelketei dagokionez, aurten Espainiakoan domina lortzea berarentzat asko litzatekeela dio.

Absolutu mailan Euskadiko marka egin berri du pisu jaurtiketan Tolosa CF atletismo taldeko Maria Felisa Okomok (Adjab Meban, Micomiseng, Ekuatore Ginea, 2002). Bost urte zituela etorri zen Tolosara eta hamabi urterekin hasi zen atletismoan.

Lau kiloko bolarekin 14,61 metroko marka egin duzu, absolutu mailan Euskadiko errekorra eginez.

Duela bi urte 14,33 metrokoa egin nuen neguan, eta Euskadiko errekorra 14,36 zen. Beraz, bi urte pasa ditut hiru zentimetro horiek gainditu nahian.

Castellon egin zenuen errekorra. Nola izan zen saioa?

Beroketa egin behar nuen, baina justu nire kide batek ez zuen lasterketa on bat egin eta berarekin nengoen. Konturatu nintzen proba hastear zela, eta ez nuela berotu eta ez nintzela proban kontzentratu. Beroketa egiten hasi nintzen eta neure buruari esaten nion ondo nengoela, eta marka egin nezakeela, eta horrela izan zen.

Lehenengoan lortu zenuen?

Ez, bosgarrenean izan zen. Proba ondo hasi nintzen, lehenengoan 14,15 metrora bota nuelako. Gero 14,01 izan zen, eta hurrengoa 14,18. Hiru zentimetroka joanez gero, ahaztu beharko nuela markarekin esan nion neure buruari. Eta gero bosgarrenean lortu nuen.

Zer sentitu zenuen lortu zenuenean?

Izugarrizko poza. Aurreko errekorra zuen Amaia Dublangi audio bat bidali genion, nik eta bere kidea den beste pisu jaurtitzaile batek, esanez kendu niola bere errekorra. Bera orain beteranoa da, eta hamar bat urte izango zituen marka horrek.

25 zentimetrotan hobetu duzu marka. Oraindik gehiago hobetzeko aukerarik duzula uste duzu?

Guk entrenatu eta entrenatu egiten dugu, eta teknika egin, eta ondo zaudela sentitzen duzu. Entrenamenduetan bota izan dut orain dudan marka baino gehiago, eta hor dago ere amorru puntu hori, hau da, entrenamenduetan lortzea eta lehiaketan ez. Lehiatzen ez naiz hain ondo moldatzen; hori bai, ondo hasten naizenean eta zentratuta nagoenean, asko botatzeko aukera izaten dut.

Zer suposatzen du zuretzat marka hori egiteak?

Marka hau egin ondoren, orain adin guztietan Euskadiko markak ditut. Nolabait dena itxi ahal izan dut, eta oso berezia da niretzako. Baina hau ez da hemen bukatzen... Peio Etxabe nire entrenatzaileak ea 15 metro noiz botako ditudan esaten dit. Eta nik esaten diodanean denboraldi honetan 15 metro botatzen baditut hurrengoan zer eskatuko didan, berak 16 metro erantzuten dit. Ni oso ezkorra naiz, eta niretzako erronka izaten da sinistea ahal dudala egin. Ahal dut hobetu, baina ea lehiaketa batean horretaz gogoratzen naizen. Lehiaketa polit bat izanez gero, nire antzeko marka duten atleta ugarirekin, horrek gehiago motibatzen nau.

Euskadiko Txapelketa duzu asteburuan. Zein da zure asmoa bertan?

Euskadiko errekorra hobetzea. Aurretik izan naiz Euskadiko txapelduna. Gero hilaren bukaeran absolutu mailako Espainiako Txapelketa dugu. Hor entrenatzaileak esan dit dominarik gabe ez itzultzeko etxera. Oso zaila da, eta jende asko dago nire markaren inguruan. Beraz, izugarrizko txapelketa izango da, eta ondo ateratzen bada agian 15 metrotara ere iristen naiz. Hor domina lortzea niretzako asko izango litzateke, aurreko denboraldia niretzako oso txarra izan zelako. Denboraldi honetara dena ematera etorri naiz, baina pista estalia oso txarra egin nuen, eta berez hobeto aritzen naiz aire librekoan baino.

Aurretik lortu zenuen dominarik ?

Bai, duela bi urte lortu nuen brontzezkoa, eta orduan egin nuen 14,33 metroko marka.

Nola planteatzen duzu denboraldia?

Irailean hasten garenean begiratzen dugu noiz diren absolutu mailako eta 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketak, bai pista estalian eta baita aire librean ere. Euskadikoak aurretik izaten direnez, ondo etortzen zaigu jakiteko nola gauden.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!