Euskaltegian eta musika eskolan izena emateko aukera, zabalik

Ataria 2024ko eka. 13a, 15:58

Ekainaren 28ra bitarte matrikulatu daitezke ikasleak Aitzol Udal Euskaltegian eta Eduardo Mocoroa Musika Eskolan. Datorren ikasturtean, euskara ikasteko erraztasun handiagoa izango dute tolosarrek.

Aitzol Udal Euskaltegian zabalik dago 2024-2025 ikasturterako aurrematrikulazio-garaia. Ikastaro eskaintza zabala izango da datorren ikasturtean ere; maila guztietarako eskolak emango dituzte, goizez zein arratsaldez. Ikasteko ereduari dagokionez, hiru sistema daude aukeran: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza edo bien arteko uztartzea.

Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 28ra arte, eta hiru bide daude: internetez galdetegi bat beteta, euskaltegira bertaratuz edo  943 651 006 telefono zenbakira deituz; azken bi bide horietarako kontuan izan behar da ondorengo ordutegia: 09:00-14:00 eta 16:00-19:00. Ikastaroei buruzko edozein zalantza argitzeko, telefonoz deitu daiteke, edo mezu bat bidali helbide honetara: aitzolue@tolosa.eus.

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaraz ikasteko eskubidea bermatu asmoz, erraztasun handiagoa izango dute tolosarrek, hau da, Tolosan erroldatuta daudenek; doakotasunerako pauso erabakigarria emango du udalak. B2 mailara arte, matrikularen %5 soilik ordainduko dute tolosarrek eta, eskoletara joanez gero eta egoki jardunez gero, udalak ordainduko du gainerako zatia –%95–. Diru laguntzen ehunekoa maila guztietan areagotuko da: A1, A2, B1 eta B2 mailetan matrikula-kostuaren %95 ordainduko du udalak; C1 mailan, %75; eta C2 mailan, %50.

Tolosako Udalak joan den astean ezarri zituen 2024-2025 ikasturterako prezio publikoak, eta Udal Euskaltegiaren kasuan hauek dira tarifak: aurrez aurreko eskoletan, orduko 1,35 euro; autoikaskuntzan, orduko 2,42 euro; eta jardun biko edo mistoan, orduko 1,89 euro. Ikastaro bakoitzak duen ordu kopuruaren araberakoa izango da matrikularen prezioa. Ikasle tolosarrek, ordea, udalaren diru laguntza sistemaren bidez, hasieratik izango dute beherapena.

Diru laguntza hori jasotzeko, ikasturte amaieran eskaera-orria aurkeztu beharko du ikasleak, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu. %85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu egokia izatea dira baldintza nagusiak; ez da eskatzen azterketak gainditzea. Ikasleak ez badu gutxieneko asistentzia bermatzen, matrikula osoa ordaindu beharko du. Beste euskaltegi batzuetan ari diren tolosarrei ere neurri bereko diru laguntzak emango dizkie udalak; kasu horretan, matrikula osoa ordaindu behar dute lehenik, eta ikasturte amaieran eskatu diru laguntzak, udalak deialdia egitean.

Musika eskola

Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolan ere hasi dira jada datorren ikasturtea lantzen. Hala, datorren ikasturtean musika ikasketei heldu nahi dietenek ekainaren 28ra bitarte izango dute izena emateko aukera. Musika eskolak askotariko ikastaroak eskaintzen ditu, maila desberdinetan, eta familia ugariek edo guraso bakarrekoek hobariak izango dituzte udal ordenantzen arabera.

Ikastaro eskaintza:

  • 1. zikloa: 4, 5, 6 urtekoentzako tailerrak: jolasak, kantuak, entzumena, erritmoa.
  • Aurre-hasiera: 7 urtetik aurrera, musika irakurri eta instrumentuak ezagutu.
  • 2. zikloa: 8 urtetik aurrera, instrumentua, musika hizkuntza, taldeak / korua.
  • Helduak: 18 urtetik aurrera, musika hizkuntza, instrumentua, taldeak / korua.

Ikastaroen inguruan informazio gehiago izateko, zalantzak argitzeko edo izena emateko, musika@tolosa.eus helbidera mezua idatzi edo musika eskolara bertaratu behar da ondorengo ordutegian: astelehenean eta asteartean, 9:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta asteazkenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!