Aurtengoan T3T lasterketak bederatzigarren aldia izango du eta T2T lasterketak zazpigarrena. Igande honetan, ekainaren 16an, egingo dira, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuz eta bertan bukatuz. Antolatzaileak gogotsu daude eta parte hartzaileak ere bai. Egunean bertan T2Tko 450 dortsalak agortu ziren eta astebete inguruan T3T maratoiko 350 dortsalak. «Guri horrek animo ikaragarriak ematen dizkigu urtarrilean, datozen sei hilabeteentzako. Zerbait ondo egiten ari garen seinale bezala hartzen dugu», esan du Iñaki Insausti antolakuntzako kideak. Emakumezkoen parte hartzeari dagokionez, %25 ingurukoa da T2T proban eta ia %10era iristen da T3Tn.
Aurtengoan noranzkoan aldaketa izango dute bi probek, eta hasieran zuten horretara itzuliko dira. Hau da, T3Tkoak Hernio igoko dute lehendabizi, eta ondoren Uzturre eta Erroizpe; T2Tkoek lehenengo Uzturre eta ondoren Erroizpe igoko dute. «Azken bi urteetan bestaldera izan da noranzkoa, eta aurten berriro ere aldatzea pentsatu dugu», zehaztu du Insaustik. «Asmoa da urtero aldatzen joatea noranzkoa. Ameriketako zenbait lasterketetatik dago ideia hori hartuta; hemen ez da oso ohikoa. Jendeari gustatu zitzaion ideia izan da. Azken bi urteetan bakarrik parte hartu dutenek ez dute beste noranzkoa ezagutzen, eta hori probatzeko aukera dute».
Lasterketaren izaera ere aldatu egiten dela dio Insaustik: «Teknikoki esanda, T3Tko parte hartzaileek lehenengo zatian parterik zailena pasatzen dute, eta alde horretatik agian esan daiteke errazagoa dela. Bestalde, jendea Uzturren elkartzen da gehiago, eta ez hainbeste Hernion, eta lehenengo zatian edo bigarrengoan jende gehiago izatea aldea dago». Bukaerak ere aldea du noranzkoaren arabera, aurtengoan bi lasterketek Ibarratik Tolosara egingo dutelako azken kilometro eta erdia, asfalto gainean, eta hori ez da korrikalari batzuentzat hain gustukoa.
T3Tko parte hartzaileak 08:45ean abiatuko dira, eta T2Tkoak 09:30ean. Leku esanguratsuenetako bat Uzturre dela dio Insaustik: «Jendeak sare sozialetara argazkiak igotzerakoan ikusten da hori. Elduain da beste bat, eta aurtengo noranzkoak ere horretan lagunduko du. Eta helmuga ere berezia izaten da. Zerkausiaren pare horretan biltzen den jende-pasiloa emozionantea izaten dela diote korrikalariek». Hiru puntu estrategiko horiez gain, Alkizan eta Iruran ere jendea egoten dela gaineratu du, eta Erroizpen ere urtetik urtera jende gehiago elkartzen dela.
NATURA ZAINTZEA
T3Tko parte hartzaileak Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremutik (KBE) igarotzen dira, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik antolakuntzari betebehar batzuk eskatu dizkiote: «Batez ere nahi dutena da bertako landareria eta fauna zaintzea, eta horregatik eskatu dute txakurrak lotuta eramatea, ibilbidearen markak orain arte bezala berrerabilgarriak izatea eta droneak ahalik eta gehien mugatzea, besteak beste. Leku babestua da eta ekaina animali eta hegaztientzat hilabete garrantzitsuena da eta horretan ahalik eta gutxien eragiteko eskatu digute». Bai parte hartzaileentzat zein ikusleentzat kartelak egongo dira eremu berezi batean sartzen direla jakiteko.
Lasterketa bakoitzeko faboritoei dagokionez, T3T maratoian Maria Zorroza, Oihana Zubillaga, Nerea Amilibia eta Ainhoa Caporossi daude emakumezkoen artean, eta Hodei Lujanbio, Igor Amantegi eta Iñigo Uribeetxeberria gizonezkoen artean. T2T proban, berriz, Ainhoa Intxausti, Laiane Arrospide eta Lourdes Oiartzabal emakumezkoetan, eta Ibai Madina, Jokin Tolosa eta Josu Urrestarazu gizonezkoetan.