ELKARRIZKETA

«Euskarak bizirik egoteko, teknologiara ere gerturatu behar du»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 16a, 07:58

Iñigo Lopez Gazpio informatikan doktorea. J.A.D.

Iñigo Lopez Gazpio tolosarrak Git Bertsioak Kontrolatzeko Sistemarako gidaliburua sortu berri du, unibertsitatean topatutako behar bati erantzunez; kontrol-sistemen inguruan euskaraz egindako lehen lana da.

Iñigo Lopez Gazpiok (Tolosa, 1990), Git Bertsioak Kontrolatzeko Sistemarako eskuliburua argitaratu berri du, Aitor Soroa Etxabe usurbildarrarekin batera, Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin koedizioan. Informatikan ingeniaria da eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan doktorea da Gazpio. Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala (KZAA) saileko irakasle atxikia da eta UEUkidea. Gainera, eskolak ematen ditu EHUko Informatika Fakultatean eta Ixa ikerketa-taldeko eta HITZ Hizkuntza Teknologiako Zentroko ikertzailea da.

Gidaliburuaz hitz egiten hasi aurretik, zer da bertsio kontrol sistema bat?

Guk egiten dugun lan guztia erregistratzen duen sistema bat da, eta horietako bat da Git. Urteetan zehar software-a txukun eta kalitatez mantendu nahi badugu, garapen handiak egiteko beharrezkoak dira sistema hauek. Informatikako gai konkretu bati egiten dio erreferentzia gidaliburuak, eta beharrezkoa da. 

Zer da sortu duzuena eta zergatik egin duzue?

 

Berez, ez dugu ezer sortu. Git aspalditik ezagutzen dugun teknologia bat da, informatikaren esparruan. Kontua da gogo berezia genuela Euskal Herriko Unibertsitatean gidaliburu hau sortzeko. Izan ere, Git teknologiak ikasketa-kurba nahiko konplexua du. Esfortzu handia suposatzen du Git erabiltzen ikasteak. Nik software garapeneko eskolak eman ditut unibertsitatean, eta urtero ikusi izan ditut ikasleak horrekin sufritzen.

Norbaiti beldurra kentzeko eskuliburu irakurterraz bat sortzea zen asmoa, ikasleak praktikatzen hastera animatu zitezen. Gai oso praktikoa da, eta denbora behar da behar bezala erabiltzen ikasteko; etengabe egin behar dira akatsak eta gauza asko puskatu behar dira. Espazio seguru moduko bat sortu nahi izan dugu, ikasleak horrekin lasai asko ikasten egon daitezen.

Ikasketa-kurba konplexu hori sinplifikatzeko sortu duzuela esan duzu. Azaltzerik bai?

Irakurleek hobeto ulertzeko, Git sistema erabiltzen hasten garenean, gauzak ondo egin baino gauzak puskatu egiten ditugu. Konplexua da erabiltzea, eta hilabeteak edo urteak igaro daitezke sistemaren benetako etekinak ikusi arte. Ikasleek beldurra sentitzen dute, erreminta horrek oraindik eta lan handiagoa emango diela pentsatzen dutelako.

Ikasleentzat egin duzue edo edonork erabili dezake?

Berez, ikasmateriala da. Guztiok bizitzan zehar ikasle garen horretan, informatikaren esparruan gehiago jakin nahi dutenentzako bideratuta dago. Ez du zertan izan behar unibertsitateko ikasleentzat. Informatikaren edo programazioaren munduan gehiago jakin nahi dutenentzat eta, batez ere, kodea kalitate handiagoarekin sortu nahi dutenentzat dago bideratuta. Gida bat aurkituko du irakurleak, gure denbora-inbertsioa, gai konplexu guztiak ordenatzeko eta modu erraz batean kontatzeko.

Unibertsitatean aurkitutako hutsune batean du jatorria, ezta?

Bai, behar batetik sortu zen proiektua da. Irakasleok beti nahi dugu ikasleek kalitate handiko softwareak garatzea. Askotan pentsatzen dugu ezerezetik badakitela Git erabiltzen, eta beraz, kontrol bat eta erregistro bat eduki dezaten, erabiltzeko eskatzen diegu. Kontua da unibertsitateetan ez dagoela Git sisteman zentratzen den ikasgairik, ikastarorik edo ikasmaterialik. Ikasleei eskaera bat egiten diegu, baina guk ez dugu inbertsio handirik egiten hori irakasteko. Aspalditik alor honetan nire apurra jarri nahian nenbilen, eta gainera, euskaraz egin dugu, hori ere garrantzitsua da.

 

«Ikasleei eskaera bat egiten diegu, baina guk ez dugu inbertsio handirik egiten hori irakasteko»

 

Gida praktiko bat da, ezta?

Bai. Gutxieneko teoria azaltzen dugu, adibideen laguntzarekin, baina fundamenduetara goaz, gauzak argi ulertzeko, teknizismoetan sartu ordez. Ariketa ugari bildu ditugu, errazenetik konplexuagoetara igarotzen direnak.

Testuak ez ezik, irudiak ere sartu dituzue.

Bai. Kasu horretan, eskerrak eman behar dizkiot Aitorri [Soroa], buruan nuen kaos guztia ordenatzen lagundu zidalako. Oso pozik nago gidaliburuko atal aurreratuetan egin ditugun grafiko eta eskemengatik. Lan handia egin dugu Giteko unibertso erraldoia ordenatzeko.

Oker ez banago, kontrol-sistemen inguruan euskaraz egindako lehen lana da. Garrantzitsua da hori, ezta?

Hala da bai. Euskaraz egindako lehen lan potoloa da. Behar genuen halako zerbait. Euskal Herrian informatikari asko gaude, hein batean, ikasketa aukera geroz eta zabalagoa dugulako hemen. Hala ere, Giten inguruko lan bat bera ere ez edukitzea akats bat da, eta kalitatezko software-aren bidean eta software-aren garapenari begira, gidaliburu hau mugarri izan daiteke. 

Baina, beti ez da erraza euskarazko gidaliburu bat irakurterraza izatea, terminologiagatik.

Bai. Teknologian zailtasunak izaten ditugu, batez ere, termino berriak ingelesez izaten direlako, eta behin baino gehiagotan pentsatu behar izaten delako nola idatzi. Kasu honetan, eskerrak eman behar dizkiogu UEUko Ander Altunari, egin dituen zuzenketengatik; berari esker askoz hobeto ulertzen da gidaliburua. Hala ere, euskara oso ondo doitzen den hizkuntza dela esango nuke. Hizkuntza batek bizirik egoteko teknologiara ere gerturatu behar du, eta hori gure ardura da, unibertsitateko irakasleena. Ezin gara atzean geratu; beti egon behar dugu borrokan, euskara puntako teknologiara eramateko.

Nolako prozesua izan da gidaliburua sortzea?

Nahiko luzea eta konplexua. Ikasle nintzela jaso nituen Giten inguruko ikasgaiak, eta urte dezente behar izan nituen behar bezala ikasteko. Gero, irakasle modura, ikasleek egiten zituzten akatsak edo laguntza zein momentutan behar izaten zuten idazten hasi nintzen. Lau urtez aritu nintzen software garapena irakasten, eta urte horietan guztietan, neure buruan gidaliburua irudikatzen aritu nintzen. Orain, buruan nituen ideia guztiak materializatu ahal izan ditut, eta ikasle nintzela edukitzea gustatuko zitzaidakeen liburu bat sortzen saiatu naiz.

 

«Ikasle nintzela edukitzea gustatuko zitzaidakeen liburu bat sortzen saiatu naiz»

 

Eta hemendik aurrera, zein izango da zuen asmoa gidaliburu honekin?

Momentuz gidaliburua salgai dago UEUren online dendan. Aurrerago, online irakurtzeko aukera izatea ere gustatuko litzaidake; horrela, liburua berritzen joateko aukera izango genuke, atal edo arazo berriak gehituz. Izan ere, atal batean ikasleek egindako ohiko akatsak bildu ditugu, eta horiek eguneratzen joan gaitezke, liburu osatuagoa lortzeko. Bien bitartean, plan berriak egiten ari gara. Unibertso hain handia izanik, Gitekin beti dago zer landua. 

Hastapenetara joko dugu. Informatikan ingeniaria zara. Argi zenuen bide horretatik egin nahi zenituela ikasketak?

Ez [Barreak]. Berez, suhiltzailea izan nahi nuen, baina lehengusuak suhiltzaileen parkera eraman ninduenean, bertigoa sentitu nuen eta bertan zapuztu zen ametsa. Hala ere, nire bigarren ametsa zen informatikari izatea, gauza berriak sortzeko eta programatzeko duen erraztasunak erakarrita. Unibertsitatean ere oso gustura aritu nintzen, eta hasieratik argi nuen irakasle izan nahi nuela, informatikari berriak hezteko.

Hain justu, Hezkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan doktorea zara. Zergatik aukeratu zenuen bide hori?

Euskara lantzeko aukera ematen zuelako, eta adimen artifizialarekin lan egitea ahalbidetzen zuelako. Oso gustuko ditut bi arlo horiek, eta euskara puntako teknologiara eramateko bide horretan, zerbait egin nezakeela pentsatu nuen.

Zertan aritzen zara Ixa EHUko ikerketa-taldean eta HITZ Hizkuntza Teknologiako Zentroan?

Aspaldi jaso nuen Ixako ikertzaile izateko eskaintza, eta oso gustura aritzen naiz. Hizkuntzalariek eta informatikariek osatzen dugu taldea, eta euskararen edozein mailatan lan egiten dugu, konputazioari dagokionez. Euskararako teknologia garatzen saiatzen gara. Xuxen zuzentzailea, esaterako, Ixa taldean garatu zuten, ni bertan lanean hasi aurretik. Sintaxiarekin, morfologiarekin edo hizkuntzaren kapa gehiagorekin ere lan egin izan dugu.

HITZ zentroan, berriz, euskara puntako teknologiara eramaten saiatzen gara, gaur egun modan dauden hizkuntza ereduekin borrokan. Ixa taldeko ikertzaile batzuk bertan ere aritzen gara. Latxa da aurtengo gure proiektu izarra; euskararentzat inoiz eraikitako hizkuntza eredurik handiena da. Enpresa mundura begira sortu zen, enpresengana hurbiltzeko asmoz. Ixan, berriz, arlo akademikoari begira egiten dugu lan.

Euskara eta informatika, geroz eta ohikoagoa den bikotea al da?

Bai. Hazkunde handia izan dugu eta izaten ari gara Euskal Herrian, batez ere, adimen artifiziala modan egotearen eraginez. Ikasketetan gradu gehiago daude, abanikoa zabalagoa da; lehen, informatika orokorrerako bide bakarra zegoen. Ikasle berriak, gainera, gogotsu daude.

Eta osasuntsu al dago euskarazko informatika?

Bai, kalitatea asko igo da. Euskal Herriko Unibertsitatean, enpresa handiekin alderatuz, baliabide mugatuak ditugu, eta hala ere, asko egiteko gai gara. Hori azpimarratzekoa da. Baditugu euskarazko ereduak, besteak beste, ingelesezko ereduekin lehian ari direnak. Nik nabaritzen dut nire taldean dabiltzan ikertzaileak, euskaraz lan egiten dutenak, puntako ikertzaileak direla, kalitate handikoak, eta hori ikasketa prozesua hobetzearen ondorio argia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!