Hodeiertz abesbatzaren kontzertua, igandean

Ataria 2024ko ekainaren 12a

Tolosako abesbatzak, Ordiziako Oroith eta Beasaingo Loinatz abesbatzekin batera, Hildakoen Mezako kantuetan oinarritutako Maurice Durufléren Requiem izeneko obra eskainiko du, 19:30ean, Andre Mariaren elizan. Zendu berri den Antxon Elosegiri eskainiko diote emanaldia.

Igandean eskainiko duten Maurice Durufléren Requiema XX. mendeko koru eta organorako errepertorioko obra gailenetako bat dela azaldu dute Hodeiertz abesbatzatik. «Hainbat urte lehenago Faurék idatzi zuen Requiema du inspirazio iturri nagusi eta hura bezalaxe argitsua eta intimoa da, ez duelarik horrelako obretan ohikoa izaten den Dies Irae zatirik». 1947an konposatu zuen, konpositorearen aitaren oroimenez, eta bederatzi mugimendu ditu: Introït, Kyrie, Domine Jesu Christe Sanctus, Pie Jesu, Agnus Dei, Lux aeterna, Libera me eta In Paradisum.

Hodeiertz Abesbatzak 90eko hamarkadan interpretatu zuen Jose Manuel Azkuerekin batera Donostiako Musika Hamabostaldian, baita beste herri batzuetan ere, Itxaro Mentxaka eta Joseba Carril bakarlari zirela. Aurtengoan, berriz, Julen Garcia baritonoa eta Maria Izaga mezzo-sopranoa izango ditu laguntzaile, eta Oscar Rodriguez Pastorak izango du Santa Mariako organoa jotzeko ardura, guztia Enrique Azurzaren zuzendaritzapean. Kontzertuaz gozatzeko aukera izango da 19:30etik aurrera, Tolosako Andre Mariaren elizan.

Hodeiertz Abesbatzak esan duenez, emanaldia zendu berri den Antxon Elosegiri eskainiko diote, «oso garrantzitsua izan baita Hodeiertzen sorreran eta bizitzan». Herritar oro gonbidatu dute kontzertuaz gozatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!