Tanto kopuruengatik galdu du kanporaketa Tolosak Herriartekoan

Ataria 2024ko ekainaren 11

Laamirni, ezkerrean, Mutrikuren aurkako partidaren aurretik.

Gomazko paletan final-laurdenetako itzulerako jardunaldia irabazi du Tolosak, 0-3, baina ez da nahikoa izan.

Joaneko jardunaldian 0-3 galdu ondoren, Tolosak ia kanporaketari buelta ematea lortu du Herriarteko Pilota Txapelketan. Gomazko paletako modalitatean finalerdietara igarotzea zegoen jokoan, eta aurkaria Mutriku zen. Tolosak hiru partidak irabaztea lortu du aurkariaren etxean, baina orotara Mutrikuk tanto gehiago egin dituenez, bera pasa da finalerdietara.

Mutrikun jokatutako jardunaldiari dagokionez, banaka kantxa osoan Tapiz tolosarrak 19-20 irabazi zion Olano mutrikuarrari. Binaka, Tolosako Arregi eta Erleaga bikoteak 16-20 irabazi zien Mutrikuko Aguirrebeña eta Elezgarairi. Banaka zazpiko koadroaren barruan, Laamirni tolosarrak 17-20 irabazi zion Garalde mutrikuarrari.

Asteburu honetakoa Tolosako pilotari guztiak jokatzeko moduan zeuden lehenengo jardunaldia izan zen. «Ahal izan genuen talde onena atera genuen. Galdutzat ikusten genuen, baina ez genuen nahi 6-0 galdu kanporaketa», azaldu du Iñaki Arriola Tolosa taldeko arduradunak. «Ondo atera zitzaigun, baina beraiek ere oso onak dira eta tanto kopuruen aldea ez galtzera joan ziren». Joaneko jardunaldia, etxekoa, Beotibar pilotalekuan jokatu beharrean, Amezketan jokatu zuten. «Pena hori dugu, Beotibarren jokatu izan bagenu zer gertatuko ote zen jakitea. Beraiek ere aitortu ziguten ez zutela pentsatzen kanporaketa pasatzea, eta gu izango ginela finalerdietan egongo ginenak», esan du Arriolak. «Baina horrela joan zen hori eta orain hurrengo urtearen zain geratzea tokatzen zaigu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!