Aimar Alvarezek irabazi du Tolosako San Juan Xake Txapelketa

Ataria 2024ko ekainaren 10a

Larunbatean jokatu zen txapelketa Tolosako Alondegi plazan, 46 parte hartzailerekin, eta xakelari tolosarra gailendu zen. 14 urtez azpikoen txapelketan, Amets Sanchez lasartearra izan zen irabazlea.

Tolosako Xake Klubak antolatuta, xakelari ugari elkartu ziren larunbatean Tolosako San Juan Xake Txapelketaren bi lehiaketetan. Antolatzaileak «oso gustura» geratu dira, espero zuten baino parte hartzaile gehiago izan zirelako. Goizean adin guztientzako irekia zen txapelketa, eta bertan 46 xakelari aritu ziren. Aimar Alvarez tolosarra izan zen garailea, bigarren Sadiel Barbaro Perez irundarra eta hirugarren Ander Bravo billabonatarra. Migel Maria Barojak podiumetik kanpo geratu den tolosar onenaren saria jaso zuen.

Beste txapelketan, 14 urte azpikoentzakoan, Amets Sanchez lasartearra izan zen irabazlea, bigarren Damian Monteanu irurarra eta hirugarren Lizar Iruretagoiena zizurkildarra. Unai Granado 12 urtez azpikoetan lehenengoa izan zen (orokorrean zazpigarrena), Beñat Iturbide 10 urtez azpikoetan lehenengoa (orokorrean seigarrena), eta Irai Castro 10 urtez azpikoetan lehenengoa (orokorrean hamargarrena).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!