Joskintzako lehen mailako ziurtagiri profesionala jaso dute hamahiru emakumek

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 10a, 10:38

Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako joskintzan prestakuntza ematea eta enpresekiko harremana sustatzea helburu duen 'Josi eta Josi' ekimenaren ekitaldi nagusia egin dute Tolosako kultur etxean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin, Tolosaldea Lab Tolosaldeko Enplegagarritasun eta Inklusio Mahaia osatzen duten bost erakundek elkarlanean, Josi eta Josi Tolosaldean proiektua sortu zuten 2022an. 2023ko urtarrilean aurkeztu zuten egitasmoa, eta urte osoan zehar, enplegu ikuspegitik zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboen laneratzea izan zen erronka nagusiena.

Zutani elkartetik abiatu zen proiektua, bertan emakume atzerritar asko baitzeuden aspalditik josten ari zirenak, baina lan merkatuarekin inolako harremanik ez zutenak. Gainera, hizkuntzarekin zailtasunak zituzten eta prestakuntza gutxi zuten. Joskintzako ziurtagiri profesionala lortzea oso garrantzitsua iruditzen zitzaien zenbait helburu lortzeko, hala nola, prestakuntza homologatu bat izateko, inklusio sozio-laboralerako eta arlo horretako enpresekin harremana izateko.

Ondoren, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak hartu zuen ideiari forma emateko eta koordinatzeko ardura, Enplegu eta Aniztasun Saileko teknikarien eskutik. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ElkarEkin lanean programak finantzatu zuen proiektua, eta horri esker, besteak beste, ikastaroa eskaini ahal izateko beraien instalazioak homologatu zituen Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastetxeak, eskualdean dagoen azpiegitura faltagatik. Partaideen bilaketan ere bidelagun izan ziren Emplea Fundazioa eta Jatorkin Al-Nahda elkartea. Formazio saioetan, joskintzari buruzko teknikak jorratzeaz gain, Emplea Fundazioko kideekin, zeharkako gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena landu dituzte erabiltzaileek, enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Programa berritzaile honek kolektibo zaurgarrien enplegua eta enplegagarritasuna hobetzea du helburu. «Nagusiki emakumeak eta etorkinak dira, beraien kulturagatik jostura menderatzen dutenak, baina orain arte lan profesionala aurkitzeko aukera oso txikia izan dutenak», azaldu dute antolatzaileek. Aipatutako erakundeek, laneratzeko arazoekin daudenen zailtasunak identifikatu eta horiek konpontzeko irtenbideetan lan egin zuten iaz. «Formakuntza hau eskualdeko ehungintza sustatzeko eta indartzeko baliabide garrantzitsu bat da».

Hamazazpi emakumek hasi zuten ikastaroa iaz, eta azkenean, hamahiruk amaitu zuten; urrian egin zuten proiektuen aurkezpena. Tolosa&Co merkataritza elkarteak aurrez eskatutako lanak aurkeztu zituzten ikasleek, hain justu, herriko dendetarako diseinatutako eta jositako objektuak, tokiko merkataritzaren batasuna eta indarra irudikatzen duten elementuak. Hiru taldetan banatuta, hiru dendatarako proposamen bana egin zuten. Lehen taldeak Inauterietako txilaba egin zuen, kolore indartsu eta bordatuekin, Zorionekoa izenekoa. Bigarren taldeak, denda bateko erakusleihoa diseinatu zuen, jostun baten batarekin: Joskintzaren ataria. Eta hirugarren taldeak, denda baten erreplikazio-koadroa egin zuen, naturako elementuekin eta kolore argiekin: Maitasun zatiak.

Azaroan eman zioten jarraipena ekimenari, eta hamahiru emakumez osatutako lehen taldea praktikak burutzen aritu da orain arte, ondorengo enpresetan: Boinas Elosegi, Sutargi, Inkernu denda, Maria Asuncion Yarza, Titare eta Uderekin. Bigarren edizio honetan, 16 emakumez osatutako beste talde batek egin du ikastaroa; datozen hilabeteetan, praktikak burutuko dituzte. Gaur, azkenean, joskintzako lehen mailako ziurtagiri profesionala jaso dute lehen taldeko hamahiru emakumeek.

Ehungintzako sektorean profesionaltasun titulu desberdinak dauden arren, kasu honetan, jantziak eta artikuluak konpontzeko eta egokitzeko lehen mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortu dute parte hartzaileek. Ziurtagiria lortzeko, aipatu moduan, ehun eta larruzko arropa eta artikuluak konpondu, moldatu eta pertsonalizatzen dituzten jantzigintza eta moda sektoreko eskualdeko enpresa ertain eta txikietan praktikak egin behar izan dituzte parte hartzaileek. Lanbideren bitartez homologatu da ziurtagiria.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten ikasle guztiei, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Tolosaldea Garatzeneko lankideei, Zutani elkarteari, Fundacion Empleari, Inmakulada ikastetxeari, Jatorkin Al-Nahda elkarteari, eta praktikak burutzeko aukera eman duten enpresei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!