Ruben Lekuonak brontzezko domina lortu du Espainiako Kopan

Ataria 2024ko ekainaren 8a

Jakan egin zen judo lehiaketa aurreko larunbatean, Lekuonak 81 kilo azpiko mailan parte hartu zuen.

Ruben Lekuona judoka tolosarrak lehiaketa ondo hasi zuen, lehen bi borrokak irabaziz. Lehenengoa murtziarraren aurka, ippon bidez. Bigarrena ere irabazi zuen, baina borrokan zehar momentu delikatuak pasa behar izan zituen, eta, beraz, garaipen garrantzitsua izan zen.

Finalerdietan galiziarraren aurka ezin izan zuen ezer egin, eta judoka hori izango zen gerora Kopa irabaziko zuena. Finalerako pasea galduta, Lekuona prestatzen joan zen brontzezko domina lortzeko borrokarako. Behin borroka hasi zenean, Lekuona konbentzitua eta bere aukerez ziur atera zen. Borroka konplikatua izan zen, baina Lekuona pixkana erosoago sentitzen joan zen. Aurkariaren eraso batean, Lekuonak kontraeraso bat egin eta lurrera bota zuen, horrela ippon bidez irabaziz eta brontzezko domina lortuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!