T3T eta T2T mendi lasterketak 2024

Lehenengo urteetako noranzkoa izango dute aurtengo probek

Ataria 2024ko ekainaren 7a

Astebete eta bi egun falta dira aurtengo T3T eta T2T probetarako, eta aurtengoan hasieran izan zuten noranzkoa izango dute, hau da, erlojuaren noranzkoa.

Hala, ekainaren 16an, T3Tko parte hartzaileek ibilbidea Herniora abiatuz hasiko dute. Ondoren Uzturrera igoko dira eta azken tontorra Erroizpe izango da. T2T probako parte hartzaileek, berriz, lehendabizi Uzturre igoko dute eta ondoren abiatuko dira Erroizpe aldera.

Maratoien mailan sartuta dago T3T proba, eta korrikalariek 42,8 kilometroko bidea izango dute aurretik, 2.878 metroko desnibel positiboarekin. 350 parte hartzaile daude izena emanda, eta 08:45ean hasiko da. Noranzko honetan, gizonezkoetan Ismail Razgak du marka, 4.04.53rekin, eta emakumezkoetan Amaia Amantegik, 4.48.36rekin.

T2Tkoek 24,1 kilometro dituzte aurretik, eta desnibela 1.600 metro positibokoa. 450 korrikalari daude parte hartzeko prest, eta 09:30ean hasiko dira korrika egiten. Noranzko honetan,gizonezkoetan Oier Ariznabarretak du marka 2.06.27 eginez, eta emakumezkoetan Oihana Kortazarrek 2.30.41rekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!