LGTBIQ+ Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira bi jarduera antolatu ditu Tolosako Udalak

Ataria 2024ko eka. 7a, 17:34

Zinegoak Nazioarteko jaialdia eta 'Kanpora Sartzen' antzezlana antolatu ditu berdintasun sailak, sexu eta genero aniztasuna sustatzeko eta errespetuzko elkarbizitza sustatzeko helburuz.

Datorren ekainaren 28an, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da, eta horren harira, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak bi ekintza antolatu ditu sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena eta sexu-ezaugarrien elkarbizitza askea eta errespetuzkoa sustatzeko. «Jarduera hauek sexu- eta genero-aniztasuna sustatzeko eta pertsona guztientzako ingurune inklusiboa eta errespetuzkoa sortzeko dugun konpromisoa islatzen dute», adierazi du udalak.

Lehen jarduera Zinegoak LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia izango da. Aurten 21. edizioa ospatzen du Bilbon eta datorren asteazkenean, ekainak 12, helduko da Tolosara. Zinema ziklo honek LGTBIQ+ filmak ikusaraztea eta, beste modu batera, ohiko zinema-merkatura iritsiko ez liratekeen filmak ikusteko aukera ematea du helburu. Tolosan, emakume sortzaileek ekoiztutako sei film labur proiektatuko dira asteazkenean, 19:00etan, Topic-en.

Proiektatuko diren film laburrak: 

Mating | Shuyao Chen | Txina, AEB | 2023 | 15 min |Txineraz, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Manting, 60 urteko txinatar emakume bat, nerabezaroko maitale batekin elkartu da, beren ikaskide ohi bat hil ondoren. Karaoke batean egon eta gero, elkarrekin emango dute gau guztia, hirian barrena hara eta hona.

Dena asmatuta dago | Jone Arriola | Euskadi | 2023 | 14 min | Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz

Antigoaleko estetika daukan bainugela arrosa bat. Bainugelaren erdian, bainuontzi batean, bi gazte erlaxatzen ari dira, porru bat erretzen duten bitartean.

Analog Z love | Alicia Arwgar | Espainia | 2023 | 3 min | Ingelesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Neska batek audio batean kontatzen du nola ezagutu zuen beste neska bat autobus-geraleku batean. Nola hasten da ezezagun bat zure arretagune nagusia izaten?

Precoz | Alejandro Aguirre | Euskadi | 2023 | 15 min | Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz

Mikelek jakin du berarekin sexu harremanak izan dituen pertsona batek positibo eman duela GIB proban. Beldurtuta eta informazio gutxirekin, arratsalde batez aurre egin beharko dio kutsatuta egoteko aukerari. 

Flores de otro patio | Jorge Cadena | Suitza, Kolonbia | 2022 | 15 min | Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz

Kolonbiako Kariben, queer aktibisten talde batek arau heteropatriarkalei aurre egingo die. Bien bitartean, beste kausa batzuetan inplikatuko dira, beren eskualdean sufritzen dituzten bidegabekeria sozialak kolektiboki salatzeko.

La tentacion du panda roux | Haïga Jappain Frantzia | 2023 | 20 min | Frantsesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz

Annak 35 urte ditu, eta maitasun istorio idiliko bat bizitzen ari da Marierekin. Menopausia goiztiarra daukala jakiten duenean, erlojupeko lasterketa bati ekingo dio haurdun geratzeko.

Lehen pertsonan idatzitako antzezlana

Bigarren ekintza gisa, Kanpora Sartzen antzezlana eskainiko da, ekainaren 28an, ostirala, 19:00etan, Leidor aretoan. Aitziber Garmendiak zuzendu eta Txalo Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzitako lan honek Xabin Fernandezen esperientzia du hizpide. Xabinek seropositiboa zela jakin zuen 2013ko martxoaren 11n eta hortik abiatuta, antzezlanak gaixotasunarekin duen harremana eta azken hamarkadan bizitako pasadizoak jorratzen ditu, pilulak, estigma, lotsa, osasun mentala eta pandemia bezalako gaiak aztertuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!