Aviama 2024 nazioarteko saria jaso du Topic-ek

Ataria 2024ko eka. 7a, 15:00

Aviama elkarteak txotxongiloen Tolosako museoa saritu du, ekintza berritzaileen bidez, txotxongiloen artea nabarmentzen, haien garapena defendatzen eta publiko zabalaren aitortza sustatzen laguntzeagatik.

2021ean sortu zuten txotxongiloak eta antzerkigintza uztartzen dituen Aviama elkartearen nazioarteko saria. Txotxongiloen Lagunen Hirien Elkarteko Hiri Kideek osatzen dute Aviama; lau kontinenteetako 19 hiriz osatutako sarearen bitartez sakabanatua dago. Bi urtean behin, saria hiri bati edo tokiko gobernu bati ematen zaio, eta hurrengo urtean, urte bakoitian, norbanako bati emango diote. Aurten, ekintza berritzaileen bidez, txotxongiloen artea nabarmentzen, haien garapena defendatzen eta publiko zabalaren aitortza sustatzen laguntzen duen Topic museoa saritu dute.

2009an inauguratu zenetik, Topic «erabilera anitzeko azpiegitura duen zentro berritzaile» gisa finkatu dela azpimarratu du epaimahaiak. «Museo eta antzoki iraunkorrak ditu eta bere dokumentazio zentroan ikasle eta ikertzaileei harrera egiten die. Era berean, zentroak artearen eta hezkuntzaren arloetan lan handia egiten du askotariko taldeekin. Azkenik, urte osoan zehar sortzaileentzako egonaldiak garatzen ditu. Titirijai Nazioarteko Jaialdia ere antolatzen du, ikasturtero antolatzen duen txotxongilo-antzerki egitarauaz gain. Ikastetxe eta familientzako Titereszena egitaraua ere burutzen du, haur eta familientzako ohiko tailerrak eginez. Topaketa profesionalak eta prestakuntza ikastaroak ere antolatzen ditu, mundu osoko txotxongilolarientzat, sortzaileentzat eta beste artista eszeniko batzuentzat», azaldu dute saria ematean.

Sari hau, Kanadako Saguenayko (Quebec) txotxongilo-artista batek 2022an sortutako garaikurra, bultzada bat dela aitortu dute Tolosako txotxongiloen museoko ordezkariek, eta ikusgarritasun gehigarria ematen diela sare profesional zabalago batekin elkarlanean aritzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!