Alde Zaharreko datuak, mapa interaktibo batean bilduta

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ekainaren 6a

Tolosarren benetako premiak ezagutu eta hirigune historikoa biziberritzeko plan integralerako informazio baliagarria lortzeko proiektu bat jarri dute martxan.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako Zuzendaritzak sustatutako BAI+G+B programaren barruan, EAEko hiru enpresak –AH norte, RB3 Hiri Berrikuntza Integratua eta Gislan– osatutako taldeak, Tolosa aukeratu du azterketa-kasu gisa, ikerketa-proiektu esperimental bat garatzeko, bertako udalarekin elkarlanean. Zehazki, Alde Zaharraren inguruko azterketa egiten ari dira; beranduago, San Esteban auzoan egitea da asmoa. «Hirigune historikoa biziberritzeko Plan Integrala idazteko datu baliagarriak lortzeko eta herritarren eguneroko benetako beharrei erantzuteko balioko du», adierazi dute.

Proiektu honetarako, tresna informatiko interaktibo bat garatu dute, mapa bat. Bertan, erregistratu ondoren, herritarrek zenbait datu txertatu ditzakete. «Tolosa noiz, nola eta zertarako erabiltzen duten azaldu, identifikatutako arazoak adierazi nahiz aurrerantzean nolako herria irudikatzen dugun deskribatu dezakete. Erabiltzaile bakoitzak nahi adina aldiz sartu ahal izango ditu bere datuak, eta, aldi berean, gainerakoen ekarpenak ikusi. Sartutako datuak anonimoak dira, eta generoaren, adinaren eta diru-sarreren mailaren arabera soilik prozesatzen dira; gainera, edozein momentutan aldatu edo ezabatu daitezke.

Norbere mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik aztertu daiteke mapa, eta estatistika ofizialetatik kanpo dauden datuak biltzea da asmoa. «Emaitzak oso baliagarriak izango dira, herritarren ikuspegitik hirigunean zerk funtzionatzen duen eta zerk ez hautemateko, eta, hala, norbanakoei nahiz osatzen duten komunitateari erantzuteko gai izango diren epe motzerako hobekuntza-proiektuak planteatu eta martxan jartzeko».

Hori dela eta, hiru enpresek osatzen duten taldeak eta udalak herritar oro gonbidatzen dute baliagarriak izan daitezkeen datuak sartzera. «Zenbat eta datu gehiago sartu, orduan eta indartsuagoa izango da hiria bizitzeko dugun moduaren eta gure beharren, nahien eta aldaketa zein proposamenen isla». Horrez gain, bilerak antolatzen ari dira tresnaren funtzionamendua azaltzeko eta talde arduradunaren aholkularitzarekin datuak sartzeko. Hilaren 13an, osteguna, Tolosako kultur etxeko areto nagusian izango da lehen topaketa, 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!