Tolosak hiru partidak galdu ditu Herriarteko joaneko jardunaldian

Imanol Garcia Landa 2024ko ekainaren 5a

Espero gabeko emaitza jaso dute tolosarrek gomazko paletako txapelketaren final-laurdenetan Mutrikuren aurka.

Herriarteko Pilota Txapelketan, gomazko paleta modalitatean, final-laurdenetako joaneko jardunaldia jokatu du Tolosak Mutrikuren aurka, eta espero ez zuten emaitza lortu zuten: hiru partidak galtzea.

Banaka Laamirnik jokatu zuen eta Garalde mutrikuarraren aurka 15-20 galdu zuen. Binaka, Erleaga eta Etxeberria aritu ziren eta 9-20 galdu zuten Mutrikuko Agirrebeña eta Elezgarai bikoaren aurka. Banaka zazpiko koadroaren barruan, Tapizek 17-20 galdu zuen Olano mutrikuarraren aurka.

Tolosako taldetik azaldu dutenez, ez zuten espero hiru partidak galtzea. «Mutrikukoak iazko finalistak dira eta pilotari onak dira, baina eragozpen batzuk izan genituen. Horietako bat Beotibarren, etxeko frontoian, ez genuela jokatu izan zen, pelikula bat grabatzen ari zirelako. Amezketan jokatu genuen, eta ez genuen ezagutzen frontoia, eta hain berdinduak diren partidetan asko esan nahi du horrek». Berez bi partida irabazteko asmoa zuten, «baina ez ziren atera, eta beraiek gehiago izan ziren», zehaztu dute.

Mutrikun izango dute itzulerako jardunaldia, bihar, 21:00etatik aurrera, eta hiru partidak irabaztera joango direla azaldu dute, baina «esperantza gutxirekin», baja batzuk izango dituztelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!