Luzerako eman du Tolosako Udalaren maiatzeko osoko bilkurak. Erabaki ugari hartu ditu udalbatzak, eta horietako bat, kirol instalazioen esleipenarena izan da. Zerbitzu-kontratuaren lizitazioa bertan behera uztea onartu dute, aho batez, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) oinarrien aurka jarritako bi helegiteak partzialki onartu eta gero. Oinarrietan aldaketak egin, eta ekainaren erdialdean ezohiko osoko bilkura egitea aurreikusten du udal gobernuak, esleipen berriko pleguak onartu eta prozesua martxan jartzeko.
Udal gobernuak argitu duenez, pleguen oinarri, helburu eta ezaugarri nagusiak mantendu egiten dira. «Pleguen zatirik garrantzitsuenei eragiten zieten helegiteen ebazpena udalaren aldekoa izan da, eta egin beharreko aldaketak txikiak dira. Hortaz, aurrera begira genuen asmoa bera da».
Plegu arautzaile berrietan txertatuko balorazio irizpideak zituzten jomugan bi errekurtsoek, eta horietako bakoitzak puntu bat baino gehiagotan azaltzen zuen desadostasuna. Agua Y Jardín Sociedad Limitada enpresak jarritakoak, bost argudiotan zentratzen zuen helegitea. Kontratuari begira pisu gehien duten irizpideen kasuan, jasangarritasun eta prezioen balorazioenetan, alegia, udalaren aldekoa da epaia.
Beste helegitea, AEESDAP, Asociación Española de Empresarios de Servicios Deportivos a las Administraciones Públicas elkarteak jarri zuen, zazpi punturekin aurkakotasuna azalduz. Kasu honetan ere jasangarritasun eta prezio irizpideen inguruan, KEAOk arrazoia eman dio udalari, baita beste bi puntutan ere: kirol instalazio bakoitzarekin lote bana egin behar ez izatean, eta udalari ez dagozkion arrazoiengatik zerbitzua emango ez balitz, oinarrizko hornidura gastuak udalak ez ordaindu behar izatean.
Udal gobernuak adierazi duenez, bien bitartean, kirol instalazioen kontratua adostasunez deuseztatzeko negoziatzen ari dira udala eta kontratuaren emakida duen BPXport. Enpresan zuzendaritza aldaketa izan da, eta talde berriak negoziatzeko prestutasuna azaldu du. «Adostasuna lortuko bagenu, kontratua behin betiko amaitzeko prozesua asko azkartuko luke, baita esleipen berriarena ere, eta hori inplikatutako alde guztientzat mesedegarria litzateke», azaldu du udal gobernuak.
Oposizioko alderdiak pozik azaldu dira adostasunaren bidea jorratzeagatik, baina zalantzak sortzen dizkietela adierazi dute. Gainera, kritiko agertu dira zenbait punturekin. «Irteera tokira itzuli gara, baina 6 hilabete beranduago, premiazkoak diren eta egin ez diren konprometitutako inbertsio batzuekin, eta 2020ko lan-baldintza berak dituen giza talde batekin», esan du Xarles Iturbe EAJko ordezkariak. Gainera, beste gai bati «lehenbailehen» heltzea eskatu du: «aste dezente dira jada kudeatzailerik ez dagoela Usabalen, eta udako denboraldiaren bezperan gaude».
KALE-GARBIKETA
Bestetik, herriko kaleak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren espedientea onartu du udalbatzak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EAJk abstentziora jo du, akats batzuk ikusi ondoren, dokumentuak behar bezala aztertzeko aukerarik izan ez duelako. Orain, lizitazioa abiatuko du udalak. «Estolderiako sareen garbiketan enfasi gehiago jarriko da aurrera begira, hainbat puntutan arazoak atzeman direlako. Azoka berezi edota auzoko jaien bueltako garbiketa lanen zehaztapenak ere eguneratu dira, azken urteetako aldaketei egokitzeko», azaldu du udalak.
Zerbitzuari berari eragiten ez dioten beste bi aldaketa ere izango dira aurreko kontratuarekin alderatuta. Aurrerantzean udalak egingo du auditoretza, kanpo aholkularitza baten bidez, enpresa emakidadunak egin beharrean. Kontratuaren iraupenari dagokionez ere, bi urterako kontratua izango da oraingoa, beste bi urtez, urtez urte, luzatzeko aukerarekin. Orotara 6,9 milioi euro bideratuko ditu udalak, 1,7 milioi pasatxo urtean.
VILLA SAGRADO CORAZON
Halaber, Tolosako HAPOan jasota dagoen ondarearen udal-katalogoa behin betikoz aldatzea onartu du udalbatzak. Hori dela eta, Villa Sagrado Corazon eraikina babestuko du udalak. Hasierako onespenaren ondoren aurkeztutako bi alegazioen puntu bana onartu da. Hori dela eta, inguruko etxebizitzetako jabekideen erkidegoak garapen honen interesduntzat hartu dira. Modu horretara, espedientearen berri izaten ari dira uneoro, eta ondorengo ekintza administratiboen informazioa ere eskura izango dute.
Oposizioko alderdiek, otsaileko osoko bilkuran bezala, ez dute begi onez ikusi erabakia. «Ez dakigu zertarako erabiliko dugun eraikina, herrian hutsik dauden beste kasu batzuetan bezala», esan du PSE-EEko Joxe Mari Villanuevak. «Ez zaigu argi geratu negoziaketa honetan baldintzak udalak ala sustatzaileak jarri dituen», gaineratu du Iturbek.
LIKIDAZIOA
2023ko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman dute. Iazko behin betiko aurrekontua 43.549.000 eurokoa izan zen, eta betetze-maila %73koa izan da, 2022koa baino sei puntu altuagoa. 22 milioiko gerakinak ditu udalak une honetan.
ONARTUTAKO BESTE PUNTUAK
- Udal Txistulari Banda. Udal Txistulari Bandaren funtzionamendua arautzen duen hitzarmen osagarria. Urteko egutegian dituzten berezitasunak kontuan hartuta lan baldintzak zehaztu dira orain..
- Udal langileak. Lanaldi partziala duten udal langileek, norbere zereginetarako lizentzia egunak hartzeko modua arautzen duen hitzarmen osagarria.
- 2024-2025 ikasturteko prezio publikoak. Aitzol Udal Euskaltegiko, Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako eta kultur etxeko ikastaroen prezioak KPIaren arabera eguneratuko dira (%3,25).
- 1,4 milioi euroko kreditu aldaketa. Inbertsio nagusienen artean daude Oiarbide ostatu inguruko obrak egiteko 290.000 euro eta Santa Luzia auzoko baratze gunean dagoen eraikina eraberritzeko 225.000 euro. Iazko aurrekontutik 1,8 milioi euroko kreditu aldaketa ere txertatu dute.