Euskadiko marka lortu du Maria Felisa Okomok

Ataria 2024ko ekainaren 4a

Espainiako Gorengo Mailako Kluben Arteko Txapelketaren finalak izan dira jokoan berriki, Castellon (Herrialde Katalanak). Tolosa CF Atletismoko bi kide izan dira bertan, eta horietako bat Maria Felisa Okomo izan da.

Atletiko San Sebastian klubarekin parte hartu du Okomok eta sasoi puntu ona duela erakutsiz, Euskadiko errekor berria ezarri du pisu jaurtiketan absolutu mailan. Okomok 4 kiloko bola 14,61 metroraino botatzea lortu zuen, aurretik Amaia Dublangek zuen 14,36 metroko marka hobetuz. Emaitza «ikaragarri» horrekin, atleta urdinak 3. postua lortu zuen txapelketan.

Bestalde, Manex Civicok Real Sociedad klubarekin parte hartu zuen 3.000 metro oztopoetan. Ez zuen bere egun onena izan eta 9.27ko markarekin zazpigarren izatea lortu zuen. Bi talde donostiarrak laugarren izan ziren aurtengo ligako edizioan.

EUSKADIKO TXAPELKETAK

Bestalde, Tolosa CFko atletek hamabi domina lortu dituzte 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko Txapelketetan. Urreak hiru izan ziren: Laia Azpilgain, Euken Fernandez eta Eneko Zubia. Zilarrezkoak, berriz, sei: Eñaut Olarra, Saioa Carranza, Unax Armendariz, Nagore Gabarain, Idoia Arrospide eta Eneko Zubia. Azkenik, brontzezko dominak hiru izan ziren: Imanol Ibarbia, Maier Etxabe eta Kira Pascual.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!