ELKARRIZKETA

«Gustatzen zait irudikatzen dudana perfektua ez izatea»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 9a, 07:58

Alberto Letamendi bere estudioan, Tolosan. A.A.A.

Tolosako San Frantzisko pasealekuko Elkarri begira eskulturaren egilea da Alberto Letamendi; bihar Biarritzeko L'Oeil du Prince galerian jarriko du ikusgai Limiteak eta Beste Mugak erakusketa.

Txiki-txikitatik datorkio sortzeko grina Alberto Letamendi (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) artistari. Ikasketaz, ingeniari; ofizioz, irakasle eta, pasioz, margolari eta eskulturagile. Bere kabuz eta esperimentatzearen bitartez garatu ditu dohain artistikoak. Hainbat sari jaso ditu, eta joan den urtean erakusketak jarri zituen, besteak beste, Suitzan, Luxenburgon, Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Tolosako kaleetan badu eskultura bat, eta haren lan gehiago ikusi nahi dituenak, ekainean izango du aukera, bihar zabalduko baitu Limiteak eta Beste Mugak erakusketa Biarritzeko (Lapurdi) L'Oeil du Prince galerian. Tolosan daramatza hainbat hamarkada eta bertako tailerrean aritu da, besteak beste, bere arteaz, Franz Kafkaz eta George Orwellez.

Arte Ederrak ikasi nahi zenuen, baina Ingeniaritza ikasi zenuen. Azkenean, ordea, garatu duzu alde artistikoa ere. Nola hasi zinen murgiltzen artearen munduan?

Txikitatik, beti ibili izan naiz pintatzen, eta ikasten nuen bitartean ere mantendu nuen ohitura. Geroago, ezkondu nintzenean, umeak izan nituenean... Beti jarraitu dut pintatzen, nik nahi dudana delako. Gero hasten zara erakusketa txikiren bat egiten herrian bertan, kultur etxeetan... Eta, gero, pixkanaka-pixkanaka beste guztia etortzen da.

 

«Beste batzuk kirola egiten duten bezala, nik margotu egiten dut»

 

Inurri lana esaten dena, alegia.

Hori da. Zuk sentitzen duzuna egiten duzu, gustura egiten duzu... Eta azkenean da ihesbide moduko bat. Beste batzuk kirola egiten duten bezala, nik margotu egiten dut [barrez]. Nahiz eta ez atera erakusketa asko edo; nik, behar dut.

Aipatzen duzunaren arabera ez daukazu ikasketa ofizialik, ezta? Nola ikasi zenuen margotzen eta eskulturak egiten?

Ikastaroak egin izan ditut, tailerren batean edo bestean izan naiz. Baina gehiena da museoetan eta erakusketetan arreta jartzea nola pintatzen duten besteek; eta, hortik aurrera, esperimentatzea da niri baliagarrien izan zaidana. Autodidakta izan naiz ikasteko garaian. Egile batzuk gustatzen zaizkizu eta nabaritzen da horien eragina; beti daukazu hor influentzia potente bat. Azkenean, zure gustuko pintoreak eta artistak direlako.

 

«Autodidakta izan naiz ikasteko garaian»

 

Zein dira zure erreferenteak?

Gehien gustatzen zaizkidanak dira Miquel Barceló eta Anselm Kiefer. Niretzat indartsuenak dira. Gero, eskulturan asko-asko gustatzen zait Oteiza. Haren ibilbidea zein izan zen, bere pentsaera eta dena... Zoragarria iruditzen zait. Gustuko gehiago ere baditut, baina, gehien, Oteiza gustatzen zait.

Eta zein inspirazio iturriak?

Nik bi iturri ditut. Bata Kafka da Metamorfosiarekin, sortu dituen pertsonaiekin... Eta hari horri tiraka sortu edo egin nuen neronek ere beste pertsonaia bat: Al. Oskol moduko batetik ateratzen ari da, burua ateratzen du... Honek irudikatzen du pertsonaren aldaketa, barruko izaera eta dena.

Hori da iturrietako bat, eta bestea George Orwellen 1984 eleberria da. Nola irudikatzen duen hark den-dena ikusten duen Anaia Nagusia. Iturri hori erabiltzen dut irudikatzeko gizartea nola mugitzen den kolektiboki eta abar. Ideia horretatik aurrera hasten naiz formak sortzen, mugak eraikitzen, disko formako estelak... Dena delakoa.

Margolaria eta eskulturagilea zara. Gehiago margolaria?

Eskultura asko gustatzen zait, baina piezak ateratzea zailagoa da. Hiru dimentsiotan sortu behar dira, eta asko balio du brontzean egiteak. Prozesua garestia da eta, azkenean, gutxiago egiten duzu. Pintura, berriz, gehiago egiten dut. Baina, gustatzeagatik, biak gustatzen zaizkit asko. Eskulturan hiru dimentsioetan irudikatu behar hori, ibiltzea piezarekin, ukitzea... Asko gustatzen zait.

 

«Lortzen dudanean kaos zehatz bat, gustatzen zait ordena bat irudikatzea gainetik»

 

Eta pinturatik zer gustatzen zaizu?

Lurrean margotzen dut; ikusten duzu dena zikina dagoela [barrez]. Hasieran lurrean margotzen dut, eta kaosa bilatzen dut. Ordenarik gabeko sortze horretan lortzen dudanean gauza bat nire gustukoa dena, margolana altxatzen dut eta hor hasten naiz pertsonaiak edo gizartea irudikatzen, oreka emateko. Dualtasun hori bilatzen dut: kaosa eta ordena. Eta hori da gehien gustatzen zaidana pinturan. Lortzen dudanean kaos zehatz bat, gustatzen zait ordena bat irudikatzea gainetik.

Nola hasten da sortze prozesua?

Beti ditut buruan hari mutur batzuk. Lehen aipatu bezala: zuloak, mugak, disko formako estelak... Hemen dagoen hau Danteren Infernua da. Inspirazioa etortzen zaizu eta bilatzen duzu kaosarekin hondo bat, eta gero horrekin lantzen duzu beste guztia.

Zein materialekin margotzen duzu?

Normalean beti pigmentu naturalak erabiltzen ditut, eta ikatz-ziri asko. Oinarria izaten da pigmentu naturalekin edo tintekin eta, gero, pertsonaiak edo gizartea irudikatzeko zuzenean oinarrizko pinturak eta koloreak erabiltzen ditut. Kolore nahaste edo eztanda bat dago oinarrian, eta oreka emateko oinarrizko koloreak, potetik ateratzen diren bezala. Horrekin egiten dut lan.

Eta eskulturari dagokionez?

Lan egin izan dut Herrialde Katalanetako fundizio batekin eta, azkenak, Asturiasen egin ditut. Pieza neronek pasta berezi batean eginda eramaten diet, eta haiek egiten dute gainerakoa.

Nola egiten duzu lehen irudi hori?

Alanbrea erabiltzen dut eta, horrez gain, gogorra geratzen den material zeramiko bat, zeina bernizatu egiten dudan are gehiago gogortzeko. Behin hori eginda fundiziora bidaltzen dut eta han moldea egiten dute silikonan, eta hortik aurrerako prozesu guztia.

Margolanak abstraktuaren eta zehatzaren arteko linbo batean koka daitezke?

Badago sinbologia bat: pertsonaiak eta globoak erabiltzen ditut nire helburua lortzeko. Hondoa abstrakzio bat da, jakina. Baina, gero, figuratibo tonua ematen dio jendeak-eta.

Zirkulua da margolanetan errepikatzen den beste elementu bat. Zer dela eta?

Zirkulua da forma geometriko indartsuena. Kultura guztietan beti erabili izan da zirkulua: eguzkia irudikatzen du, ilargia... Figura geometriko bat da, non puntu guztiak berdinak diren; zentrotik distantzia berera daude. Horrek niretzat erabateko berdintasuna irudikatzen du; eta sinbologia horrekin tratatzen dut jendea berdintasun batetik.

Arreta ematen du koadroen tamainak ere.

Koadro handietan askoz gehiago disfrutatzen da [barrez]. Azkenean, gehiago sartzen zara koadroan bertan, jokatzen duzu pinturarekin eta... Disfrutatzen da askoz gehiago. Ateratzea ere gehiago kostatzen da; baina disfrutatzeko onena da, zalantzarik gabe.

Norberaren barne zein kanpo munduaren inguruko hausnarketa da zure langaietako bat. Nondik dator hori?

Ez dakit zehatz esaten. Kafka irakurri nuenean... Gaztetan mundu guztiak irakurtzen du Metamorfosia. Bada, jakin-mina piztu zidan eta besteak ere irakurri nituen: Prozesua, Gaztelua... Zoragarria iruditu zitzaidan; irudikatzen duen mundu hori eta... Imajinatzen nuen bere pertsonaia beti ibiltzen dela galdu samar, beti gauzak bilatzen; pixka bat lotu nuen gizartearen joerekin. Gizartea ere alderrai sumatzen dut, desorekatuta. Horrekin guztiarekin sortu nahi nuen pertsonaia bat, zeinak adieraziko lukeen nik zer ulertzen dudan Kafka irakurtzen dudanean.

 

«Gizartea ere alderrai sumatzen dut, desorekatuta»

 

Gai sozialagoak ere landu dituzu, adibidez, Siriako gatazka piztu zenean egin zenituen pieza batzuk. Arteak aldarrikatzailea izan behar du?

Baietz uste dut. Artea izan behar da, alde batetik, pentsaera irudikatzeko bitarteko bat; baina eduki behar du puntu aldarrikatzaile edo salatzaile bat ere. Siriako kontua aipatu duzu; hor egin nituen gas maskarekin panpina batzuk... Eta orain Palestinan gertatzen ari denarekin ere egin dut serie txiki bat. Exodus izena eman diet eta horietan irudikatu dut jendea mugitzen eta ate batzuetatik pasatzen. Ate hori, ordea, ez dago inon eta ez dakigu ez nora doan ez ezer... Jendea horra abiatzen da –edo abiarazten dute– baina ez dakigu zer dagoen beste aldean. Palestinaren kasuan argi ikusten dugu zer dagoen ateen beste aldean: miseria gordina.

Aldarrikapenetatik harago, iruditzen zait zure artelanek badutela halako tonu ilun bat.

Beti esan izan didate [barrez]. Ez dakit, gustatzen zait irudikatzen dudana perfektua ez izatea. Gustatzen zaizkit hutsuneak, hausturak... Interesgarria iruditzen zait jendeari aukera ematea eurak imajina dezaten pieza nolakoa den edo zein den bukaera. Geratzen diren hutsune horiek ematen diote artelanari irudi edo zentzu zehatz bat.

 

«Interesgarria iruditzen zait jendeari aukera ematea eurak imajina dezaten pieza nolakoa den edo zein den bukaera»

 

Tolosako eskulturan, adibidez, bere zentzua dute hutsuneek eta. Irudikatzen dute bakoitzaren zama eta mina. Eta min hori islatuta dago zulotxo eta zimur horiekin.

Alde handia dago margolanen eta eskulturen sinbologiaren artean. Lehenek irudi orokor bat ematen dute eta ez dago antropozentrismorik. Bigarrenak, berriz, aurkakoa dira ia.

Hala da, bai. Gizartea urrutitik ikusten dugunean, agian, bakoitzaren mina edo istorioa ez dugu ikusten. Margolanetan irudi orokor bat topatzen dugu, gizartearen isla orokor bat. Horietan joerak edo mugimenduak irudikatzen saiatzen naiz zirkuluekin eta lerroekin.

Eskulturan, berriz, pertsonarengan zentratzen naiz gehiago. Pertsonaren sentimenduak, izaera eta dena. Bada, hor ikus daitezke pertsonaren hausturak, pisuak, minak... Xehetasunak garatzea errazagoa egiten zait.

Margolanetan ikuspegi jainkotiar moduko batean kokatzen duzu ikuslea.

Horren zentzua ulertzeko George Orwellen liburura jo behar da: Anaia Nagusiaren edo zaintzailearen zera hori da. Helburua pixka bat da zaintzailearen kontrol sentsazioa ematea; koadroa begiratzean aukera izan dezan interpretatzeko edo zer ikusten duen pentsatzeko orokortasuneko ikuspegi horretatik. Horrekin jolastea ere gustatzen zait.

Aipatu ditugun inspirazio iturri horiek badituzte urte batzuk. Bertako hausnarketek gaurkotasuna mantentzen dutela esango zenuke?

Zalantzarik gabe, kristorena. Kafkarenak 100 urte baditu dagoeneko, eta iruditzen zait gaurko gizakiaren edo pertsonaren izaera oso ondo definitzen duela. Hain zuzen, metamorfosi eta aldaketa horiek... Protagonistak ez daki zergatik kondenatzen duten, baina hainbeste istorio sortzen dira inguruan eta hainbestekoa da presioa, non azkenean onartu egiten duen zigorra, zer egin duen ere jakin gabe.

Oso presente ikusten dut hori nik gaur egun Internetaren kontuarekin ere: bonbardatzen gaituzte etengabe mezuekin eta edukiekin; nora eta zergatik goazen jakin gabe eramaten gaituzte... Uste dut gaurkotasun handia duela, bai. Eta George Orwellena zer esanik ez; are gehiago oraindik. Dena zaintzapean, dena ikusten dela... Hor ere badago Internetaren kontua, jakina.

Erakusketak egin dituzu nazioarteko hainbat lekutan, eta sariak ere jaso dituzu. Artista izatetik bizitzea pentsatu al duzu?

Dagoeneko erretiratzera bidean nago ni [barrez]; baina, egia esan, ez. Hezkuntza pila bat gustatzen zait: gazteekin egotea, eskolak ematea... Tailerrean, agian, kontaktua galtzen duzu pixka bat; isolatuta geratzen zara.

Kontrara, klaseak emateak mantentzen zaitu errealitatearekin kontaktuan. Eta ikusten duzu gazteek nola pentsatzen duten, zeri buruz hitz egiten duten... Freskotasun handia ematen dizu horrek, eta asko gustatzen zait. Ez dut utziko.

Aipatu izan duzu sortu ahal izateko beste sostengu bat behar duela artistak. Horrela posible al da artista garatzea?

Nik uste baietz. Erabat zentratuta bazaude artera, arreta handiagoa jarriko duzu obretan eta gehiago sortuko duzu. Baina bata bestearekin osatzeak ere badu bere puntua; eta bere askatasun puntua ere ematen dizu, ez baitzaude harrapatuta merkatuarekin. Zure gustura sortu nahi baduzu, sortzen duzu eta kito. Gero ateratzen den edo ez, beste kontu bat da. Agian, mantsoago, baina nik uste ematen duela sortzeko aukera ere.

Zure lanek, orduan, ez diote erantzuten merkatu logika bati. Kontrara, zeure burua adieraztea dute helburu?

Bai; horrela izan da beti. Duela gutxi hasi ziren gauzak ateratzen. Baina nik bizitza osoa daramat pintatzen eta hemengo kultur etxeetan, lagunekin-eta erakusketak egiten. Bidea oso polita izan da, oso. Eta bideaz ere gozatu behar da: lagunak egiten dituzu, gauza ezberdinak hitz egiteko aukera ematen dizu...

 

«Duela gutxi hasi ziren gauzak ateratzen. Baina nik bizitza osoa daramat pintatzen[...]»

 

Egokitu al zaizu koadroren bat enkarguz egitea?

Enkarguren bat edo beste jaso dut. Segidaren bateko koadroa gustatuko litzaiekeela halako neurri batean egitea; horrelakoak bai. Baina kopiarik eskatzea... Halakorik ez. Eta ez dakit onartuko nukeen ere. Azkenean, koadro bakoitza barrutik sortzen zaizu.

Instituzioetatik artistak babestuta daudela esango zenuke?

Euskal Herrian badaude laguntzak aldunditik-eta; eta herrietako kultur etxeek ere bultzatzen dituzte artistak ahal duten neurrian. Laguntza batzuk badaude, moduren batean. Esan beharra dago gero eta artista gehiago garela; edo hori da nire irudipena, behintzat.

Badago, ordea, beste kontu bat: Txillida Leku, Guggenheim eta halako lekuak egiten dira diru publikoarekin. Bada, uste dut derrigorrez izan beharko luketela aretoren bat euskal artistek erakusketak egiteko eta haien ikusgarritasuna bultzatzeko. Hori kolokan ikusten dut.

Artista mugimendu baten parte sentitzen zara?

Ez dut topo egin artisten mugimendu batekin; gehiago ibili naiz lagunekin eta... Bere garaian egin genuen proiektu polit bat: Ipuin artean; non elkartu ginen hainbat lekutako artista pila bat ipuinen inguruan eta... Oso polita izan zen. Hortik aurrera, ez dut topatu mugimendurik; ez dut esaten ez daudenik. Are gehiago, gaur egungo gazteak-eta gehiago mugitzen direla ikusten dut, bai elkartzeko bai sortzeko eta abar. Baina niri ez zait tokatu.

Ez duzu ikusten, alegia, GAUR mugimenduaren gisako ezer.

GAUR mugimendua oso indartsua izan zen. Elkarbanatzen zuten filosofia, gauzak aldatzeko nahia... Halako mugimendu bat sortzeko ez da nahikoa elkartzea, edo pintatzea eta erakusketa bat egitea. Izan behar dute filosofia edo elkartzen dituen pentsamendu amankomun bat atzetik. Gaur egun nik ez dut topatu; izango dira, baina nik ez dut topatu

Hasi zinenetik gaur egunera garapenik nabaritu al duzu?

Bai, jakina, kristoren aldaketa egon da. Esperimentazioak ematen dizuna da bidea aurkitzea. Material batzuk baztertzen dituzu, eta bilatzen dituzu berri batzuk. Hortik abiatuta bilatzen duzu bide berri bat, eta esperimentazioarekin jarraitzen duzu. Garapen bat da, eta ez da inoiz bukatzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!