Hiru urte beteko ditu Andrea Ruiz de Egilaz Bellosok (Tolosa, 1997) txakurrak hezten. Beasaingo Kangune zentroan trebatu eta lehen pausoak eman zituen, eta gaur egun bertan jarraitzen du lanean ere. Txikitan beldurra zien txakurrei, eta Pantxo izan zen hori aldatzeko gakoa. Gaur gaurkoz txakur hezitzailea da, baina baita jokabide aldaketako teknikaria eta segurtasuneko zein babes zibileko txakur trebatzailea ere. Kontatu du Goierriko zentroan txakurrak bezainbeste hezten dituztela jabeak.
Nola iritsi zinen Kangunera?
Interesa nuen eta hasi nintzen online dauden kurtso batzuk egiten. Baina ikusten nuen hor ez nuela harremanik sortzen benetako txakurrekin, ez nituela ukitzen. Beasaingo Kangune zentroaren berri izan nuen, eta arduradunari esan nion ikastaroak egiten ari nintzela, baina txakurrekin zuzenean lan egin nahi nuela, eta ea norbait nahi ote zuten kakak jasotzeko [barrez]. Baietz esan zidan eta harreman ona egin genuen, hasieratik; gustatu zitzaidan hemengo lana eta bera izan zen nire irakaslea egindako kurtsoan.
Nondik datorkizu interesa?
Animaliak beti gustatu izan zaizkit, baina txakurrek beldurra ematen zidaten; txikitatik ikara nien. Gauza batzuk zirela medio familiako lagun batzuekin bizitzen egon nintzen orain dela urte asko, eta haiek Pantxo izeneko txakur bat zeukaten. Hasieran, beldurra nion, baina haiekin bizitzen hasi nintzenean kariño hartu nion txakurrari eta beldurra galtzen hasi nintzen; gainera, beste txakur batzuekin ere topo egiten hasi nintzen eta hor pasa ziren beldurra ematetik pila bat gustatzera. Txakurrei beldurra galtzeko bide eraginkorrena da haiekin komunikatzen ikastea.
«Txakurrei beldurra galtzeko bide eraginkorrena da haiekin komunikatzen ikastea»
Lanetik zer gustatzen zaizu gehien?
Txakurrekin egotea [barrez]. Hona etortzen gara eta egunero-egunero hamabost bat txakur ukitzen ditugu. Horrekin batera gehien gustatzen zaidana da arazo larri batekin etorritako familia bat txakurraz disfrutatzen hastea klase batzuk jaso ondoren; hori da gehien asebetetzen nauena hezitzaile bezala.
Eta kontrara, gutxien?
Iruditzen zait jendeak asko idealizatzen duela lan hau. Guri txakurrak gustatzen zaizkigu, baina kontuan hartu behar da bi hezitzaile garela eta hemen egon behar dugula urteko 365 egunetan; goiz eta arratsalde. Eguraldia edozein dela ere, guk hemen egon behar dugu. Gogorrena da oso exijentea dela. Idealizatuta dago eta jendea ez da horretaz jabetzen. Askotan, gainera, zailagoa izaten da jendearekin lan egitea, txakurrekin baino.
«Askotan, gainera, zailagoa izaten da jendearekin lan egitea, txakurrekin baino»
Txakur guztiek behar al dute heziketa?
Heziketa bat, bai. Pentsatzen dugu haiek bakarrik ikasiko dutela gauza pila bat egiten, baina bikote bat dira pertsona eta txakurra; jabeak erakutsi behar dio egoera berriei aurre egiten. Baina guztiek behar dute oinarrizko heziketa bat.
Jabe askok pentsatuko dute gai direla txakurra euren kabuz hezteko.
Hori aldatzen ari da pixka bat; ez asko, baina bai. Jendeak betidanik eduki ditu txakurrak, eta pentsatzen du betidanik edukitze hutsagatik ezagutzen dituela eta kontrolatzeko gai dela. Agian bai, baina, agian, ez. Indibiduo bat da txakur bakoitza. Kultura hori aldatzen ari da, baina oraindik falta da jabetzea ez dela nolanahiko kontua; guk ikasi egin dugu eta trebatu egin gara honetarako. Ez da nahikoa txakur bat edukitzea, komeni da profesionalengana jotzea.
Zein dira zailtasun nagusiak txakurrak hezteko garaian?
Pertsonak [barrez]. Hemen txakurrak ez ditugu ukitzen ezinbestekoa ez bada. Familiekin egiten dugu lan edo, behintzat, txakurren jabeekin. Haiei erakusten diegu nola kudeatu txakurren arazoak, egoerak, nola zuzendu eta nola ez... Eta batzuekin zaila izaten da. Jendeak, batzuetan, ez gaitu ulertzen edo ez du bat egiten guk esaten dugunarekin. Lehen esan bezala, badago profil hori, zeinak betidanik eduki duen txakurra eta ez den irekitzen gauza berriak egitera. Batzuetan oso zaila da pertsonei erakustea.
Orokorrean hezita al daude txakurrak?
Denetik dago; baina, orokorrean, ezetz esango nuke. Gaur egun badago halako pentsaera oker bat: txakur bat heztea dela libre uztea, sokarik gabe edukitzea, parkean beti txakurrekin egotea, uneoro lagunkoia izatea... Hori da hezitako txakurtzat duguna, eta ez da hala. Hezita dagoen txakur batek ondo erantzuten dio deiari, lasai egoten daki beste txakurren aurrean zein pertsonekin, egoera ezberdinen aurrean lasai mantentzeko gai da... Labur esanda: kontrola duen txakur bat. Gaizki ulertuta dago hezitako txakurraren ideia hori. Iruditzen zait txakurrak pertsonatzat hartzen ditugula, eta ez da horrela.
Jabeak ere hezi behar dira txakurrekin batera?
Bai, gehienbat jabeak hezten ditugu hemen. Arazo larriren bat baldin badu txakurrak, guk hartzen dugu eta hainbat egunez landu. Guk nahi duguna da jabeak txakurrarekin gozatzen jakitea, eta gertatuko zaizkion egoera guztiak kudeatzen jakitea, baina ez txakurrak bakarrik, baita jabeak ere. Gu ez gara egongo beti haien ondoan gauzak nola egin esateko. Gure helburua da jabeak ikastea bere txakurra nola hezi.
Irudipena da, gaur egun, txakur gehiago daudela garai batean baino.
Txakur gehiago daude, baina pentsaera ezberdina da. Lehen jendeak txakurra ekartzen zuen harekin egoteko eta gauzak egiteko: mendira joateko, baserrian arditarako, arratoientzat... Orain maskota izatea da ohikoena; familiako kide bezala eta ia pertsona bat gehiago bezala. Horrek arazo asko ekarri ditu: txakurrak sokarik gabe, kontrolik gabe, zuzentzeko zailtasunekin... Txakurrak pertsonatzat hartzen ditugu, eta arazo asko ari da ekartzen hori; gehien bat, kontrol falta.
Gaur egun, beraz, maskota izateko funtzioa dute gehienek; baina, arraza guztiak egokiak al dira horretarako?
Galdera zaila da. Txakurrek betidanik izan dute zerbait egiteko funtzioa, bai txikiek bai handiek; askotan pentsatzen dugu txikiak errazagoak direla etxean izateko, eta ez da horrela. Arraza bakoitzak bere sen propioa dauka. Batzuk erraztasun handiagoa dute maskota izateko; eta, beste batzuk, ez lirateke oso aproposak izango familia batekin bizitzeko.
Orain oso modan dauden txakur batzuk lanerako sen handia dute, eta horiek maskota izan daitezkeen? Bai, baina jabeek kontuan izan behar dute lan hori eman behar diotela era batera edo bestera; txakur hori nolabait nekatu behar duzu, bai fisikoki bai mentalki. Jabeak oso ondo eta argi jakin behar du zein arraza ekarriko duen eta zein sen duen arraza horrek; eta ea gai den sen horrek dakarrena asetzeko. Hori da gakoa. Maskota bezala bai, baina betiere hori kontuan hartuta.
Zein arraza gomendatuko zenuke maskota izateko?
Pisu handia duten baldintza batzuk hartu behar dira kontuan: familia edo pertsona horrek nolako egunerokoa duen, txakurra zertarako nahi duten, bizitza sedentarioa duten edo ez... Hori dena jakin beharko nuke gomendatzeko. Gomendio garrantzitsuena da informazioa bilatzea txakurra ekarri aurretik, eta profesional bati galdetzea.
Zenbait uste eraistea ere tokatuko zaizue.
Baita ere; eta mito asko datoz telebistako txakur hezitzaileek emandako irudiengatik. Jendeak pentsatzen du hark egiten zuen moduan jokatu behar dela arazoak dituzten txakurrekin; eta hari ondo ateratzen zitzaion, baina... Ez dut nik esango hura dela edozein egoeratan jokatzeko bidea.
Bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizuen, ezta?
Txakurrarekin hona etortzen zen batek kontatu zigun behin oporretara ateratzekotan zirela armairutik maleta atera eta txakurrari hanka harrapatu ziotela. Txakurrak min hartu zuen, albaitarira eraman zuten eta, azkenean, ezin izan zuten oporretara joan. Bada, hurrengo urtean, oporretara joateko berriz maleta atera zutenean, zuzenean hasi zen txakurra negarrez eta errenka. Horrek erakusten du oso argi zenbaterainokoa den txakurrek duten asoziazio gaitasuna.