Elkartasuna elikatzen jarraitu nahi du Zutanik

Ataria 2024ko eka. 3a, 15:59

‘Jarri beste plater bat’ sentsibilizazio kanpaina jarri dute martxan, egoera zaurgarrian dauden familiei elikagai freskoak erosteko aukera emateko.

Tolosako Zutani elkartasunerako eta gizarte-laguntzarako irabazi asmorik gabeko elkarteak sentsibilizazio kanpaina berri bat jarri du martxan: Jarri beste plater bat. Iaz, Jarri beste bat kanpaina burutu zuten, egoera zaurgarrian zeuden familiei elikagai freskoak eskura jartzeko helburuarekin. «Azoka solidarioa antolatu genuen eta, herritarrek diruz lagunduta, behar handiena zutenei elikadura osasuntsua sustatzeko aukera izan genuen», azaldu dute.

Aurten, jarraipena eman nahi diote iaz burututako kanpainari. «Leloa aldatu bada ere, helburua berdina da: herritarren diru ekarpenei esker, egoera zaurgarrian daude familiei elikagai freskoak erosteko aukera ematea». Proiektua diruz laguntzeko, etxola bat jarri dute Trianguloa plazan. Egunero dago zabalik, larunbata bitarte, 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:30era –larunbatean, goizez bakarrik egongo da irekita–.

Izan ere, egun horretan emango diote amaiera kanpainari. 13:00etan, kanpainan parte hartzen duten herritar guztien artean, Batu Sare proiektuko partaideak diren Soronea eta Babel saltokiek dohaintzan emandako produktuen zozketa egingo dute etxolan. Ondoren, kanelkartasun bazkaria egingo dute Trianguloa plazan. «Zutani Elkartearen inguruan gabiltzan pertsona guztiak elkartuko gara, platerak eta bizipenak partekatzeko. Sinbolikoki keinu solidario bat egin nahi da. Elkartearen izenak eta leloak esaten duen bezala, ekainaren 8koa, elkartasuna elikatzeko ekimena izango da», nabarmendu dute Zutanikoek.

Herritarren artean bizitzeko zailtasunak dituztenen egoera ikusaraztea izaten da Zutanik antolatutako sentsibilizazio kanpainen helburua. Horretarako, herritarrak aktibatzeko asmoz, elkarteak urtean zehar burutzen dituen ekimenetako bat izango da aste honetakoa. «Pobrezia, kalteberatasuna, bakardadea edo arrazakeria pairatzen duten herritarrek gure beharra dute, eta guztion ekarpena ezinbesteko da haien egoera hobetzeko», azaldu dute elkarteko kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!