Kultur etxeko ikastaroetako uztaz gozatzeko aukera, datozen asteetan

Ataria 2024ko eka. 3a, 15:58

MARAT-SADE antzezlana eta Dantzaria izan nahi dut ikuskizuna eskainiko dute kultur etxeko antzerki eta ballet ikastaroetako ikasleek, hurrenez hurren. Ekainaren 13tik uztailaren 6ra, kultur lantegietako ikasleek egindako lanak ikusgai egongo dira Aranburu Jauregian.

Ekaina iristearekin batera, Tolosako kultur etxeko ikastaroetako ikasleen ikasturte amaierako ikuskizunak ere helduko dira. Datozen asteotan, antzerki eta dantza ikastaroetako ikasleek hilabete luzez prestatu dituzten emanaldiak eskainiko dituzte.

Lehena, dantzariena izango da. Larunbat honetan, ekainak 8, ballet dantzariz beteko da Leidor, Dantzaria izan nahi dut emanaldiarekin; 158 haur eta gaztetxok parte hartuko dute, koreografiaz koreografia, dantza egitea amesten duen dantzari baten istorioa kontatzeko. Borja Bordonabe, Itziar Urruzola, Amaia Elizaran eta Iratze Recio De Lerak osatutako irakasle taldeak bi saio prestatu ditu, biak ala biak Katixa Perearen zuzendaritzapean. Lehena 12:00etan izango da, eta 4 eta 8 urte bitarteko 74 dantzarik parte hartuko dute; 12 koreografia eskainiko dituzte. 18:00etan izango da beste saioa; 8 urtetik gorako 84 ikasle arituko dira oholtzan, 20 koreografiaz osatutako emanaldian.

Elena Aranbarri irakaslearen agurra

Ekainaren 14an, ostirala, Marat-Sade antzezlana eskainiko dute antzerki ikastaroko ikasleek. Saioa 20:00etan izango da, Leidorren. Jean Paul Maraten jazarpena eta hilketa kontatzen duen obra honetan, bizioa edo bertutea, kolektiboa edo indibiduala, eta aberatsen eta pobreen arteko borroka bezalako dilemak jorratuko dira. Adin guztietako 28 ikaslek parte hartuko dute, 5 musikariren laguntzarekin. Gainera, Elena Aranbarri, antzerki taldea zuzendu duen irakaslearen agurreko emanaldia izango da, hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin eta gero.

Leidorreko bi emanaldietarako sarrerak salgai daude jada Kutxabankeko webgunean eta Leidorreko leihatilan.

200 lan, Aranburu Jauregian

Bi saio horiez gain, kultur lantegietako ikasleen lanak jasotzen dituen erakusketa izango da Aranburu Jauregian, ekainaren 13tik uztailaren 6ra. Pintura, zeramika, ehoziri, argazki eta eskulanen tailerretan egindako 200 lan inguru bilduko ditu erakusketak, eta asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era, bisitatu ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!