Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du Tolosaldeko alkateen jarrera ospitale publiko berriaren inguruan «erabat aldatu» egin dela, Osasun Sailak «ezagutzen ez dituen arrazoiengatik»; «eta orain zentro pribatu bat publiko bihurtzea aurreikusten dute, horrek dituen legezko ondorioekin», azaldu dute Osasun Sailetik.
Osasun Sailetik gogoratu dute iazko abenduan bildu zirela eskualdeko alkateekin gaiaren inguruan hitz egiteko: «Tolosaldea eskualdeko alkateen eskaerari erantzunez, joan den abenduaren 11n bilera bat egin zen ordezkariekin, eta bilera horretan azaldu zen ospitale moderno eta irisgarri bat eraikitzeko Sailaren apustua irmoa dela, eta Tolosako Udalari dagokiola hirigintza-izapideak egitea Jaurlaritzak kokapen bat izan dezan Osakidetzak proiektuaren eta eraikuntza-lanen lizitazioa egiteko».
Hala, Osasun Sailak Tolosaldeko alkateei gogorarazi die Tolosalderako ospitale publiko berri baten eraikuntza, egungo Eusko Jaurlaritzaren programan jasotako «konpromisoa» izateaz gain, «aspaldiko eskari bat» dela ingurune horretako udalen aldetik, baita gizarte-erakundeen eta alderdi politikoen aldetik ere. Era berean, proiektua definitzeko plan funtzionala egina dutela ere gogoratu dute.
Orain arte emandako pausoei dagokienez, Tolosako Udalarekin harremanetan jarri zela gogoratu dute Osasun Sailetik, beharrezko izapideak egiteko orube bat eskuratzeko, bertan altxa zedin eraikin berria. «Aurreko korporazioak hirigintza-izapideak hasi zituen, lurrak Osasun Sailari lagatzeko, eta Osakidetzako teknikarien iritziz lur horiek egokiak dira ospitalea kokatzeko».
Bada, Osasun Sailetik esan dute abenduan egindako bileran «berariaz interpelatu» zitzaiela proiektuari babesa emateari buruz, eta ez zutela inolako aurkakotasunik agertu azaldu dute. Horregatik, galdegin dio Tolosako Udalari erabaki dezala ospitale berria eraikitzeko beharrezko orubea lagatzeko asmorik duen. «Tolosaldeko alkateek informazio guztia dute, eta beraiei dagokie beren jarrera zehaztea eta Tolosan ospitale publiko berri bat eraikitzea ahalbidetzen duten ala ez erabakitzea. Osasun Sailak ez du horri buruzko jarrera-aldaketarik egin».
Bestalde, Osasun Sailak adierazi du «argitaratu denaren kontra», Asuncion ospitalearen jabearekin duen kontratu-harremana 2026. urtera arte dagoela indarrean, eta, «beraz, ospitaleetako osasun-asistentzia mantendu egiten da eskualdean, bai eta emandako jardueraren zaintza eta kontrola ere, sareko gainerako eremuetako kalitate-estandar berak bermatzeko».
Halaber, eskualdean eskaintzen den Lehen Mailako Arretari buruz, Tolosaldean Familia Medikuntzan espezialista «eskasia» dagoela onartu du, baina, esan du «osasun-sare guztiek» pairatzen dutela profesionalen eskasia. «Tolosaldeko alkateek badakite hori, abenduan izandako bileran hala adierazi zelako, eta jakin badakitelako horrek zaildu egiten duela Osakidetzak eskaintzen dituen plaza guztiak betetzea, Familia eta Komunitate Medikuntzako plaza bakar bat ere ez dela amortizatu dakiten bezala. Era berean, jakitun dira Osakidetza sareko plaza guztiak betetzen saiatzeko ahalegin guztiak egiten ari dela eta baita Osakidetza osoak sarean egiten duen lanari esker, eskualdeko osasun-laguntza erkidegoko gainerako lurraldeetako kalitate-estandar berberekin bermatuta dagoela.