Usabal kiroldegiaren ataria izendatu dute Kerik Gabeko Gune

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 31a, 12:43

Gaur, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Munduko Egunean egin dute izendapenaren ekitaldia. Herritarrei egindako galdetegian 178 boto jaso zituen proposamenak, eta horrenbestez, bertan ez erretzeko gomendio kanpaina egingo dute.

Gaur, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna da. Testuinguru horretan, azken urteetan egin den moduan, Kerik Gabeko Gune bat izendatu da Tolosan. Aurten galdeketa bidez egin da aukeraketa, eta lau espazio proposatu zitzaizkien herritarrei bozketarako: Zerkausia, Armeria plaza, Arrillaga plaza eta Usabal kiroldegiaren ataria. 473 erantzun jaso dira guztira, bai online baita eraikin publikoetan utzitako postontzien bidez, eta horien artean kiroldegiaren sarrera izan da hautatuena, 178 boto jasota.

Herritarren botoak aintzat hartuta, beraz, Kerik Gabeko Gunearen izendapena egin da gaur kiroldegiaren sarreran, nerabeen prebentzio komunitarioko mahaian parte hartzen duten erakundeetako ordezkariekin: Tolosako Udala, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Tolosaldeako ESI, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideak.

Izendapen hori, baina, ez dago erretzearen debekuari lotuta, eta, horrenbestez, kiroldegiaren atarian ez erretzeko gomendioa da luzatuko dena, horretarako landuko den kanpainaren bitartez. Ahal dela, kiroldegiko ataria kerik gabeko espazioa bilakatzea nahiko luke udalak. «Ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditugu kanpaina honen bitartez. Kirola ere ohitura osasungarria da, beraz, esanahi bikoitza du aurtengo izendapenak. Haur ugari igarotzen da bertatik egunerokoan eta, beraz, garrantzitsua da jarrera eredugarriak izatea», azaldu du Kristina Pelaez Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna Saileko zinegotziak.

Ikasleekin lanketa
Tabakorik Gabeko Munduko Eguneko ekitaldi hau prebentziorako ekintza sakonago baten parte da. Izan ere, maiatzean zehar tabakoaren eta zigarro elektronikoen inguruko lanketa egin dute herriko hiru ikastetxeetako DBHko ikasleek. «Gaur egun zigarro elektronikoak modan daude, eta ikusarazi egin behar dugu zigarroa beti ezagutu izan dugun bezala ez bada ere, kalteak berdinak direla, eta garrantzitsua dela osasuntsuak diren ohiturak bultzatzea», esan du Pelaezek. Kontsumo mota honek izan ditzakeen ondorioen inguruko hitzaldiak entzun dituzte eta, gaur, lanketari amaiera emateko, Intujai Teatro taldeak emanaldi bat eskaini die Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!