Askotariko tortillek, iberiko eskaintzak edota bakailao pintxoek beteko dute Zaskako barra. Pintxo hotz zein beroak izango dira aukeran, denen gustura. Ostegunetan pintxo potea izango dute, baina gainontzeko egunetan ere pintxo aukera zabala izango dute eskura. Horrez gain, anoen aukera aberatsa ere eskainiko dute: kroketak, txibiak edota haragi bolak izango dira aukeran, besteak beste. «Gose gehiagorekin etortzen direnek errazio handiagoak eskatzeko aukera izango dute; hain zuzen, albondiga edota tripaki kazolatxoak edo brotxetak bezalako errazioak ere izango dira, besteak beste».
Edarien kasuan, bertako eta nazioarteko bermutak eta ardoak dituzte, mokadutxoarekin batera, bezeroek denetik dastatzeko aukera izan dezaten. Garagardo zaleentzako txokoa ere izango da, edota kafetxo bat lasaitasunez hartu nahi dutenentzat ere.
Taberna txikia bada ere, terraza zabala dute eta plaza aldean jartzen dituzten mahai eta aulkiek, jende gehiago elkartzeko aukera eskaintzen dute. Bereziki, eguraldi onarekin, jende ugari elkartzen da tabernaren kanpoaldea girotuz. «Goizetan langile ugari izaten dira, baina arratsaldeetan, haurrak parkean edo ondoan dagoen akademian dauden bitartean gurasoek zerbait hartzeko aprobetxatzen dute», esan dute.
Lopez Mendizabal pasealekua «kokapen oso egokia» dela nabarmendu dute. Gazteen artean, gainera, lagunekin zerbait hartuz egoteko ohiko lekua da. «Ostegunetan edo asteburuetan izaten dira gazte gehien, eta eguraldi onarekin ere jendetza izaten da plazaren bueltan».
Tolosako nahiz eskualdeko gainerako herrietako gazteen artean arrakasta duen taberna bada ere, bertako eskaintza ez da adin tarte horretara soilik mugatzen. «Guk ez dugu aukeratzen nor etorriko den hona, eta adin guztietako herritarrei gaude irekita.
- Helbidea. Lopez Mendizabal pasealekua 2 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 943 68 40 28