Kartan, proposamen hotz zein beroak dituzte, baina bezeroek gehien eskatzen dutena kroketak direla diote. Kalitatea da euren plateretan eskaintzen dutena, baita zerbitzuan ere. «Bezeroak askatasun guztia du nahi duena eskatzeko, baina platerak partekatzea gomendatzen dugu, denetik probatzeko». Horrez gain, barran pintxoen aukera zabala dute, baita gozo ugari ere.
Euren leloak dioen bezala, bertakoarekin egiten dute lan. Horren adibide dira, Zizurkilgo Arrospide baserriko zizak, besteak beste. Gainera, bertako produktuei ez ezik, hornitzaileei ere ematen diote garrantzia, «hori baita gure ezaugarri nagusia».
Leku zabala dute, terraza itxia baitute eta horrek tabernako espazioa handitzeko aukera ematen die. Erreserbak egiterakoan, bezeroak aukeratzen du non eseri. Kanpoko terrazan, momentuz, edatekoa edo mokadu bat hartzeko aukera eskaintzen dute, baina eguraldi ona egiten duenean otorduak egiteko aukera eskaintzen dute.
Oria kalea «kokapen oso egokia» dela nabarmendu dute, eta Alde Zaharretik kanpo geratzen bada ere, giro ederra izaten da bertan. «Goizetan, normalean, eguneroko bezeroak izaten ditugu, jende heldua, kafea edo pintxoa hartzera etortzen direnak». Hala ere, zerbitzua ez da adin tarte horretara mugatzen; ostegun gauetik larunbat gauera bitarte gazte ugari izaten dira, eta igandeetan giro familiarragoa izaten dute.
Taska bultzatuz
Taska bera bultzatzeko ekimen ugari dituzte martxan. Esaterako, jaialdietan eta azoketan parte hartzeko ohitura izaten dute. «Aurten, Tolosako Haragin eta Pasaiako Itsas Festibalean parte hartu dugu, eta udararako ere zerbait itxita dugu, foodtruck moduan, eskaintza informalagoa eta gertukoa eskainiz», azaldu dute.
Azkenaldian, gainera, berrikuntzak izan dituzte. Horietako bat da, hain zuzen, ostegunetan eskaintzen duten burger aukera. Horrez gain, Amako gazta tarta eta Zabaletako patata tortilla ere aurki daitezke bertan, bertan jateko edo etxera eramateko zerbitzua eskainiz.
- Helbidea. Oria kalea 2 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 943 65 21 85
- Instagram. @bertakoteka