Udal gobernuak zaintzaileen lana duintzeko urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Ataria 2024ko mai. 30a, 15:29

Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileak zerbitzua eta lan baldintzak «duinduko» dituen hitzarmena aldarrikatzen ari dira, eta gaur bertan egingo dute hirugarren elkarretaratzea. Egoeraren aurrean, Tolosako udal gobernuak zerbitzuaren gastua «ahalik eta gehien» handitzeko konpromisoa adierazi du, «lan baldintzak hobetu eta zerbitzua indartzeko» .

Tolosako udal gobernuak zaintza eredua eraldatzeko eta zaintzaileen lana duintzeko urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. «Zerbitzua mendekotasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei bideratua dago; baita etxean zainduak izan nahi dutenentzat, autonomia maila ahalik eta gehien mantendu dezaten, eta baita familientzat ere, laguntza eta babesa izan dezaten eta egoitzetara bideratu beharra saihesteko. Zerbitzua ematen duten langileak erabiltzaile askoren erreferente dira, eta kasu batzuetan, gainera, sostengu bakar».

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua etengabe hedatzen ari dela gaineratu dute, «erabiltzaileen kopuruak gora egin duelako, eta asetzeko dituzten beharrak ere handiagoak direlako». Azken urteotako gastuaren bilakaerak ere erakusten du joera hori, esan dutenez, eta datuak eman dituzte: 2018an, esaterako, 539.198 euro bideratu ziren zerbitzu honetara; iaz, 1.248.218 euro. Beraz, bikoiztu baino gehiago egin da gastua azken sei urteetan, eta zaintza ereduaren eraldaketa premiazkoa dela erakusten du. Horiek horrela, udal gobernutik konpromiso eta prestutasuna azaldu dute gastu hori «ahalik eta gehien» handitzeko, lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzua indartzeko bidean. «Era berean, gogorarazi nahiko genuke udalaren gain dagoela gastu horren zatirik handiena, bi heren, eta zerbitzuaren edozein hobekuntza udal diru sarreren arabera baldintzatua dagoela».

Gogoratu behar da Tolosako etxez etxeko langileak elkarretaratzeak egiten ari direla zerbitzua eta lan baldintzak «duinduko» dituen hitzarmena lortzeko, gaur arratsaldean dutelarik hirugarren elkarretaratzea. Dena den, udal gobernuak esan du udalak gastua handitzeko konpromisoa izanda ere, hitzarmen duina langile eta enpresaren arteko adostasunetik etorriko dela.

«Gipuzkoako herritarren %85ak esaten du etxean zaindua izan nahi duela, eta behar eta nahi horri erantzunez, egungo zaintza eredua eraldatzeko beharrarekin bat egiten dugu erakunde guztiok: udalok, aldundiak eta jaurlaritzak. Bada, eraldaketa horrek ere berekin ekarri beharko luke finantzaketaren berrantolaketa bat, udal bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren esku gera ez dadin etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko eta hobetzeko gaitasuna», gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!