Ingurumen Astea ospatuko dute Tolosan ekainaren 5etik 8ra

Ataria 2024ko mai. 30a, 15:58

Ura izango da aurtengo gaia eta antolatutako egitarauak helburu du uraren zaintzak duen garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatzea.

Tolosako Udaleko Ingurumen Sailak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, ekainaren 5eko Ingurumenaren Nazioarteko eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu du. Ura gai nagusitzat hartuta, elementu honen inguruan kontzientziazioa sustatzea da helburu nagusia. Uraren zaintzan jarriko dute azpimarra bereziki, itsaspeko edota lurpeko ekosistemetan dauden arazoak ezagutzera eramatearekin batera.

Hiru ekintza izango dira, lehena, ekainaren 5ean. CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren proiekzioak izango dira. 10:00etan, ikaslez beteko da Leidor aretoa, haur eta gaztetxoei bideratutako proiekzio hezitzaileak egingo baitira. Egitasmo honen helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta haurrek itsasoaren inguruan duten pertzepzioa indartzea, Etorkizun urdina eraikitzen lelopean, gure ozeanoak baloratu eta zainduko dituzten belaunaldi berriak sortzeko. 19:00etan, itsaspeko zinemaren agertoki izango da Topic, munduko argazkilari eta bideografo onenen esperientziak biltzen dituzten lan zinematografikoak eskainiko baitira, doan.

Ekainaren 7an, Lurpea Garbi elkartearen laguntzarekin antolatutako Salubita, Gipuzkoako iturbururik handienaren sekretua agerian dokumentala proiektatuko dute. Topic-en izango da, 19:00etan, eta ondoren, mahai ingurua egingo dute euskaraz, Eneko Agirre biologoarekin, Inma Mugertza hidrogeologoarekin eta Maddi Agirre arkeologia ikaslearekin. Sarrera doakoa bada ere, beharrezkoa da gonbidapena aurrez eskuratzea Topic.eus webgunean edo Topic-eko leihatilan. «Salubitako iturburuaren ur emaria Tolosako lurretan kokatzen da, eta Bidania-Goiatz eta Albiztur inguruko akuiferoak elikatzen ditu, Gipuzkoako akuiferorik handiena da. Dokumentalaren helburua da ur sistema hau ulertaraztea eta aldi berean ekosistema hau babesteak duen garrantzia azaltzea», adierazi dute antolatzaileek.

Azkenik, ekainaren 8an, Lurpea Garbi elkartearekin elkarlanean, erakusketa bat jarriko da San Frantzisko pasealekuan, 10:00etatik 14:00etara. Bederatzi panelen bidez, eskualdeko koben egungo egoera islatuko da argazki bidez. Panelen aurrean, metakrilatozko kaxetan, kobetatik ateratako zaborra ikusi ahal izango da, besteak beste, beira, plastikoa, antibiotikoak, xiringak, fitosanitarioak eta obra-hondakinak.

Egun berean, Salubitako urmaela ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute. Irteera 10:00etan izango da Santa Klaratik, autobusez. Salubitako urmaela bera eta akuiferotik datozen uraren urbegiak erakutsiko ditu bisitan Inma Mugerza hidrogeologoak. Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzita, plazak mugatuak direlako.

Beste bi ekitaldi, Biodibertsitate Gunean

Biodibertsitate Gunearen ikasturteko azken bi hitzorduak ere datorren astean izango dira. Ekainaren 5ean, asteazkena, orkideak ezagutzeko mintegia izango da, 18:00etan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Hilaren 9an, igandez, Aralar Parke Naturalera irteera egingo dute, Ausa Gaztelu mendia ezagutzeko. 09:00etan jarri dute hitzordua, Dama Berdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!