Profil gastronomikoan pentsatuta bi edari prestatu ditugu. Lehena, Maite out izeneko konbutxa. Etxeko scoby-a erabiliz Aralarko urarekin eginiko te infusioa hartzitu eta ondoren gure sailean bildutako sagarrarekin egindako zukua eta Bedaioko eztia gehitzen dizkiogu. Inongo gehigarririk gabe, pasteurizatu eta iragazi gabeko edari bizia da. Merkaturatzen diren gainerako konbutxa komertzialez bestelakoa, nortasun propioa duena. Bigarren edaria High alai izeneko kefir ura da. Kasu honetan hartzitutako urari, sagar zukua, jengibre edo zain-mina eta liliak gehitzen dizkiogu. Beste gehigarririk gabe, edari bizia sortu dugu.
Alkoholik gabeko edariak nahi dituzten jatetxeetako bezeroengan pentsatuta sortu ditugu konbutxa eta kefir ura. Ardoa edota cava izan gabe, gastronomikoki zerbait eskainiko duten produktuen bila jo dugu hauek sortzerakoan. Gaur egun, Tolosako Ama bezalako zenbait jatetxean topatuko du bezeroak.
Kattalingorri da sortu dugun azken ekoizpena. Sagar ardoa da, ahabi, lima eta zain-minarekin osatua. %5,6ko alkohol tasa du eta latan saltzen dugu. Laranja kolore bizia, karboniko puntu ederra eta oso azidoa da, udarako oso aproposa. Sagar ardo hau, Zidernauten ostalaritzara zuzenduta egiten dugun Bibalabeerjen garagardo eskaintzaren osagarria da. Lager, ipa, apa eta red ale motakoak ditugu aukeran eskualdeko zenbait tabernetan.
Aspalditik gatoz baina urrutira goaz; galaxia berriak esploratu nahi ditugu Bedaioko gure sagastitik mugitu gabe. Aho sabaia unibertso berrietara zabaldu nahi duenak, bidelagun izango du Zidernaut.
- Helbidea. Eletxe baserria 23 B (Bedaio)
- Webgunea. zidernaut.eus
- E-posta. info@zidernaut.eus
- Telefono zenbakia. 618 18 51 93
- Instagram. @zidernaut