Hamar urterako Euskara Plana landu nahi du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 29a, 20:00

2022-2024 plan estrategikoaren atzetik, Tolosaren erronka soziolinguistikoak kontuan hartuta, begirada zabalagoko plan bat egitea da udalaren asmoa, 2034ra artekoa.

Tolosako Udalak partaidetza-prozesu bat jarri du martxan, datorren hamarkadako hizkuntza-politika definitzeko. Eusko Jaurlaritzak aurten onartutako Aroa markoaren barruan landuko da plan berria, eta udalaren asmoa da hamar urteko ikuspegiarekin egitea. Aurten amaituko du indarraldia 2022-2024 plan estrategikoak, eta hurrengo planak 2025-2034 epealdia hartuko du.

Garbiñe Marzolek, Euskara eta Euskaltegia azpisaileko zinegotzi arduradunak, gogora ekarri du agintaldi-planean «ardatz gisa jasoa» dagoela euskararen herri-ituna, eta hori gauzatzeko proiektua dela oraingoa.

Lehenik, egungo egoerari buruzko argazkia landu du Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskararen Aholku Kontseiluaren ekarpenekin osatu du. Oinarrizko diagnostiko hori osatzeko hiru dokumentu landu dituztela azaldu du Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariak; horiek ikusgai daude udalaren webgunean.

Batetik, bilakaera demografikoa aztertu dute. Herriko biztanleria-aldaketei buruzko datuak daude txostenean. «Nabari da biztanleria etengabe areagotzen ari dela azken hamarkadan, zahartzen ere bai, eta biztanleriaren igoera hori zuzenean dagoela lotua migrazio-mugimenduekin, hazkunde begetatiboa negatiboa baita; jende gehiago hiltzen da jaio baino. Migrazioei dagokienez, Latinoamerikako herrialdeetatik iritsi da fluxu nagusia, baina kontuan hartzekoa da Euskal Herri barneko immigrazioa ere, batez ere Donostialdeko udalerrietatik etorritakoa», esan du Goikoetxeak.

Bilakaera soziolinguistikoa ere landu dute. «Euskararen adierazle nagusienak aztertu ditugu, eta nabari dira aldaketak; ezagutza gorantz ari da. Euskaldunak %70etik gora dira, batez ere belaunaldi berrietan; 20 urtetik behera ia unibertsala da ezagutza. Jaitsierak ere badira, ordea. Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa murrizten ari da, erdiak baino gutxiago dira. Horrekin, aldatzen ari da euskaldunen profila; gero eta gehiago dira euskara etxetik kanpo jaso dutenak».

Erabilerari dagokionez, Goikoetxeak adierazi du geldialdi bat erakusten dutela etxeko erabileraren datuek, baina kaleko erabileran joera «positiboa» dela esan du. «Kontuan hartu behar da kaleko neurketak kaleko errealitatea islatzen duela, ez soilik tolosarrena, baizik eta herriko kaleetan dabiltzanena, eta adin-talde batzuek pisu handiagoa dutela». Auzoekin lan egiteko duen irizpidearekin bat etorrita, horietako erabilera datuak ere landu ditu udalak, alde handiak baitaude batzuetatik besteetara.

Azkenik, arloz arloko diagnostikoa ere egin dute. 2022-2024ko planaren egiturari jarraituz, 14 arlo aztertu dituzte: estrategia, familia-transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza eta kulturgintza, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa, eta proiekzioa. «Eremu bakoitzean datuen bidez aztertu da zein den egungo errealitatea, eta azken urteetan zer lan egin diren eta zer ez», esan du teknikariak.

Askotariko ekarpenak

Behin oinarrizko diagnostikoa osatuta, ekarpenak bildu nahi ditu udalak, talde-eztabaiden eta parte-hartze irekiaren bitartez. Batetik, zazpi interes-talde identifikatu dituzte, eta talde-eztabaidak egiten ari dira hainbat eragile eta norbanako. Arlo hauei heldu diete: arlo sozioekonomikoa, erdaldunak, adinekoak, gazteak, migrazioa, kirola, aisia eta hezkuntza.

Bestetik, edozein herritarrek eta eragilek egin ahalko dituzte ekarpenak, ondorengo galderari erantzunez: Zer beharko litzateke Tolosan euskararen erabilera indartzeko?. «Norberak ikusten dituen premiak mahai gainean jartzea edo neurri zehatzak proposatzea nahi dugu». Online egin daitezke ekarpenak, edo udaletxean eta kultur etxean jarritako buzoietan sartuz.

Parte hartzeko deia egin du Marzolek: «Ekarpen guztiak izango dira ongi etorriak. Askotariko proposamenak eta iritziak jaso nahi ditugu, argi baitaukagu euskara indarberritzea herri osoaren erronka dela. Udalak ardura handia du, eta urrats gehiago egitea dagokigu, baina guk bakarrik ezin dugu. Herritarrekin eta eragileekin eskuz esku egin nahi dugu euskara indartzeko bidea».

Euskara eta Hezkuntza Sailak jasotako ekarpenak aztertuko ditu, baita Euskararen Aholku Kontseiluak ere. Udazkenean, plan estrategiko berria landuko dute, eta asmoa da urtea amaitzerako osoko bilkuran onartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!