Herritarrek ozen adierazi diete biktimei sinisten dietela

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 28a, 19:50

Tolosaldeko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Tolosan, osteopataren erasoak jasan zituzten emakumeei babesa adierazteko; datozen hilabeteetan eskualde osora zabalduko den #NikSinistenDizut kanpainan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Tolosako osteopataren sexu erasoen aurkako lehen salaketa jarri zuten egunetik lau hilabete bete diren egunean, Tolosaldeko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Tolosako Emakumeon Plazan, Andragora Emakumeen Etxearen aurrean, erasoak jasan dituzten emakume guztiei babesa adierazteko. Dozenaka herritar batu da Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizuegu lelopean egin duten mobilizaziora.

Orotara, Tolosaldeko hamar emakumek salatu dute osteopatak sexu erasoak egin zizkiela. Epaileak behin-behinean espetxera bidali zuen eta bere aurkako epaiketaren tramiteak aurrera doaz. Epaitegietako prozesuak «oso gorabeheratsuak» izan ohi direla nabarmendu dute mugimendu feministako kideek, eta adierazi dute azken hilabete eta asteetan emakume hauek «oso maiz» jo behar izan dutela abokatuarengana edo forentsearengana, «argibideak eman, eta bizitutakoa aldiro azaleratzera, horrek dakarren neke eta estresarekin; eta gastu ekonomikoak norberarengan daudela ahaztu gabe».

Mugimendu feministako kideek lehen lerrora ekarri nahi izan dute auzia. «Ez dugu oharkabean pasatzerik nahi. Ozen esan nahi dugu ez dugula inolako sexu erasorik onartuko gure herrietan, eta gure inguruneetan. Onespen eta baimenik gabe kontsulta bateko lau pareten artean gertatzen den gehiegikeria ere sexu erasoa da. Guk sinisten dizuegu, zuekin gaude, eta zuekin egongo gara, ez izan zalantzarik. Gaur zuek izan zarete baina bihar gutako edozein izan daiteke, emakume izate hutsagatik erasoak jasaten jarraitzen dugulako gizarteko esparru guztietan».

#NikSinistenDizut kanpaina

Indarkeria matxistak forma asko har ditzakeela esan dute, eta gaineratu dute erasotzaileak hamaika modutakoak izan daitezkeela, «baita gure gertukoak ere. Horregatik da beharrezkoa, egiturazkoa den indarkeria hori denon artean iraultzea. Osatu dezagun indarkeria matxistaren aurkako herri olatu zabal bat, aurrerapausoa ematen ari diren eskualdeko emakume hauei babesa emateko, eta era berean, etorkizuneko gizarte berdinzale eta justuago bat eraikitzeko». Horregatik, gaurtik hasita, datozen hilabeteetan eskualde osora zabalduko den #NikSinistenDizut kanpainan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Xehetasunak aurrerago argitaratuko dituztela adierazi dute.

Amaitzeko, Emakumeen Etxeak babesleku, eta, batez ere, indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eraginkorrak eta ezinbestekoak direla gogorarazi dute. «Txalotzekoa da gizon honen erasoak jasan dituzuen emakumeok eman duzuen urratsa. Elkartu eta ahalduntze ariketa eredugarria egiten ari zarete. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean topatu duzue horretarako babesa». Hain zuzen, indarkeria sexista jasan duten gainerako emakumeei ere luzatu diete gonbita, bertara jo dezaten.

23 herriren atxikimendua

Eskualdeko herritarrez gain, 23 herri atxiki dira mugimendu feministak deitutako elkarretaratzera: Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil. Herri horietako udaletako zenbait ordezkari bertaratu dira Emakumeon Plazara, osteopataren sexu erasoak jasan dituzten emakumeei babesa adieraztera.

Ostiralean, tertulia

Ostiralean, hilak 31, Villabonako Lurgatz talde feministak antolatuta, eraso sexisten inguruko tertulia egingo dute Txoko Morean. 18:00etan hasiko da saioa eta antolatzaileek ondorengo galderak luzatuko dituzte: «Tolosako osteopataren kasua ezaguna egiten al zaizu? Antzeko zerbait bizitu al duzu behin ere?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!