Estres linguistikoari buruz, Gazteen Hitzartzean

Ataria 2024ko maiatzaren 28a

Galtzaundi Euskara Taldearen laguntzarekin, gazteek bizi duten estres linguistikoa aztertu dute Laskorain Ikastolako eta Orixe institutuko zenbait ikaslek; ekainaren 4an, ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.

2019ra bitarte urtero antolatu ohi zuen Galtzaundi Euskara Taldeak Gazteen Hitzartzea, eta bost urteko etenaren ostean, aurten berriro antolatu du. Gazte euskaltzaleek Galtzaundirekin harremana izatea da ekimen honen helburuetako bat; bestea, berriz, gazteak hizketan jarriz galtzaundikideek eta, oro har, euskaltzaleek gazteen hizkuntza-jardunari buruz dituzten ideiak kolokan jartzea eta zer pentsatua ematea. Behin ikasturtea martxan jarri ostean Batxilergoko ikasleen talde bat osatzen da, eta hilabetez hilabete gaia lantzen joaten dira, ikasturte amaieran hitzaldi bat emateko helburuarekin.

Ikasturte honetan estres linguistikoa edo hizkuntza-estresa landu dute gazteek. Galtzaundik garrantzia berezia eman dio gaiari azken urteetan, eta gazteei gai hori landu ote zezaketen galdetuta, prest agertu ziren lehen unetik. Laskorain Ikastolako eta Orixe institutuko zenbait ikaslek, eztabaida taldeak egin dituzte ikaskideekin, eta horien estres linguistikoaren ezaugarriak ondorioztatu dituzte. Ekainaren 4an, ateratako ondorioen berri emango dute Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan, 18:30etik aurrera.

«Ohikoa izaten da jada gazte ez diren adituak gazteei buruzko hitzaldiak ematen ikustea eta entzutea. Askotan aztertu da gazteen hizkuntza-jarduna, eta jardun hori azaltzeko dozenaka ikerketa egin izan dira; ia denak helduek eta helduen begiradatik egindakoak. Saio honetan, gazteak izango dira gazteei buruz hitz egingo dutenak, gazteen begiradatik, baina helduei zuzendutako hitzaldia izango da», azaldu dute Galtzaunditik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!