Gomendioen inplementazioa abiadura hartzen ari dela azpimarratu du Tolosako Herritarren Batzarrak

Ataria 2024ko mai. 27a, 17:49

Herritarren Batzarraren bigarren saioa egin zen larunbatean, pleno aretoan, eta jarraipena egiten jarraitzeko prestutasuna azaldu zuten parte hartzaileek. Sei hilabete barru jarraipen txostena igorriko du udalak, eta urtebete barru saio presentziala egingo da.

Tolosako Herritarren Batzarrak osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko egindako gomendioen inplementazioaren bigarren jarraipen saioa egin zuen larunbatean. Sei gomendioren inguruan zentratu zen hitzordua, eta hartutako konpromisoei ematen ari zaien erantzuna azaldu zuen udal gobernuak. 

Besteak beste, arkitektura inklusiboa, etxebizitza, suizidioaren prebentzioa, gazteen aisialdia, natur guneen sorrera eta konfiantza instituzionala izan zituzten hizpide. Puntu horietako bakoitzari lotuta, hauxe ari da lantzen udala une honetan:

  • Arkitektura inklusiboa: Arkitektura eta Hirigintza Inklusiboari buruzko batzordea eratu du udalak eta Irisgarritasun Plana berritzeko lanetan da. 
  • Etxebizitza: Ekainean argitaratuko diren diru laguntzak egokitu egin dira; tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko prozedura ere abiatu du udalak. Amarotz auzoko babes ofizialeko etxebizitzen bigarren fasea ere gauzatuko da. Horrez gain, gazte eta helduen arteko etxebizitza proiektu publiko komunitario batean lanean da udala. 
  • Suizidioaren prebentzio komunitarioa: Nerabeekin lan egiten duten profesional, herritar eta eragileen iritziekin diagnosia egiten dabil udala. Udazkenean horiei bideratutako formazio plana egingo da, eta datorren urtean jardueren programazio egokitua eta suizidioa prebenitzeko protokoloa landuko dira. 
  • Gazteen aisialdia: Nerabeen Parte Hartze Foroa martxan jarri du udalak, eta aisialdirako aukerak aztertzeko galdetegia zabaldu da; egin dituzten proposamenak landuko dira orain. Gazte auzolandegiak ere indartu dira, eta espazio autogestionatu baten inguruko azterketa ere egingo da.
  • Natur guneen sorrera: Baratze parkean edo Baso Eskoletan hobekuntzak egin ditu udalak; energia komunitateen sorrerarako proiektu bat lantzen ari da, gainera, Uzturpe kiroldegian plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua martxan da.
  • Konfiantza Instituzionala: Aukera dagoen heinean, gomendioen inplementaziorako proiektuen barruan herritarren parte hartzea ahalbidetzen ari da udala. Horrez gain, balizko Herritarren Batzar Iraunkor batek beharko lituzkeen baldintzak aztertzeko prozesua abiatuko du. Auzoen mahaia ere eratu da, auzo-planak sortzea helburu izango duena. Herritarren parte hartzea indartzeko plataforma digital baten inplementazioa ere aztertzen ari da.

2023ko azaroan egin zen Tolosako Herritarren Batzarraren lehen jarraipen saioa, eta sei hilabeteren ondoren, gomendio horien inplementazioa martxan dagoela nabarmendu dute azken honetan parte hartu duten herritarrek. Are gehiago, aurrera begira ere proiektu zehatzen inguruan jarraipena egiten segitzeko borondatea agertu dute. Sei hilabete barru udalak jarraipen txostena helaraziko du, eta hurrengo hitzordu presentziala urtebete barru izatea adostu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!