Lan mundua euskalduntzera bideratutako udako ikastaroa, ekainaren 13an, Tolosan

Ataria 2024ko maiatzaren 27a

UEUren udako ikastaroen aurkezpeneko argazkia. IDOIA ZABALETA / FOKU

Egun osoko jardunaldia izango da kultur etxean, eta ekainaren 10a izango da izena emateko azken eguna. Euskara teknikariei, sindikatuei, enpresa arduradunei eta euskararen aldeko gizarte eragileei zuzenduta dago ikastaroa.

Euskararen normalizaziorako bidean, eta euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaldu asmoz, udako ikastaro bat antolatu dute, Tolosan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskalgintzaren Kontseiluak, udalaren eta aldundiaren babesarekin eta Galtzaundi Euskara Taldearen laguntzarekin. Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik izenburupean, lan munduan euskararen erabilera indartzeko estrategiak aztertzea izango du helburu ikastaroak. 

Ekainaren 13an izango da, kultur etxeko areto nagusian, eta egun osoko jardunaldia izango da: 09:00etatik 16:30era. Euskara teknikariei, sindikatuei, aholkularitza edota enpresa arduradunei eta euskararen aldeko gizarte eragileei dago zuzenduta, bereziki, baita hizkuntza politikan eta gizarte eraldatzeko prozesuetan interesa duen edonori ere. Izen ematea dagoeneko zabalik dago, ekainaren 10a bitarte, eta UEUren webgunearen bidez egin ahal izango da.

Honakoa izango da egitaraua:

  • Ekainak 13, osteguna
    • 09:00-09:15. Harrera eta dokumentazio banaketa.
    • 09:15-09:30. Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
      • Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko Zuzendaria.
      • Idurre Eskisabel Larrañaga, Kontseiluko Idazkari Nagusia.
      • Manex Mantxola Urrate, Kontseiluko Koordinatzailea.
    • 09:30-10:00. Euskara eremu sozioekonomikoan: argazki bat.
      • Ibon Arrizabalaga de Mingo (Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria).
    • 10:00-11:00. Lan mundua euskalduntzeko egungo mekanismoak eta etorkizuneko erronkak.
      • Elias Zumalde (Emun).
      • Aitziber Salaberria (Elhuyar).
      • Eider Iturricastillo (Artez).
      • Txarles Ranero (AHIZE).
    • 11:00-11:45. Sustapenetik araugintzara: Hizkuntza Klausula Sozialak.
      • Iñigo Urrutia (EHU).
      • Arritxu Zelaia (UEMA).
    • 11:45-12:15. Atsedenaldia.
    • 12:15-13:00. Hizkuntzen kudeaketa arduratsua enpresetan: enpresa euskaragileak.
      • Leire Okaranza (Fagor)
      • Egoitz Arteaga (EIKA).
    • 13:00-14:00. Langile borroka eta euskara.
      • Urko Aierbe (LAB).
      • Pello Igeregi (ELA).
      • Sabin Zubiri (CCOO).
    • 14:00-15:30. Bazkaltzeko tartea.
    • 15:30-16:15. Hizkuntza politika sormenetik.
      • Amagoia Gurrutxaga (Lanartea).
    • 16:15-16:30. Ondorioak eta itxiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!