ELKARRIZKETA

«Gaur egun entxuferik gabeko gauzek geroz eta arrakasta gutxiago dute»

Jon Miranda Labaien 2024ko eka. 1a, 07:58

Lopez Mendizabal plazako burdindegian aritzen da Juan Inazio Moreno Gil duela 37 urtetik hona; laster hartuko du erretiroa. J. M.

Ia lau hamarkada eman ditu saltzaile gisa lanean Juan Inazio Morenok, eta erretiroa hartu aurretik ofizioa erakusten ari zaio alabari, hark hartuko dio erreleboa Tolosan geratzen den burdindegi bakarrenetako batean.

Egunero zerbait ikasten omen du Juan Inazio Moreno Gilek (Tolosa, 1957) eta hori da bere ofiziotik gehien gustatzen zaiona. Euskaraz ere, horrelaxe ikasi omen du, jendearekin tratuan. Suelto ibiltzen da gerturatzen zaizkion bezeroekin, saldu bai, baina maizago eskaintzen ditu etxean egunerokoan sortzen zaizkigun beharrentzat irtenbideak.

Burdindegia zabaldu aurretik ba al zenuen ofizioarekin harremanik?

Ez. Guztiz berria zen niretzat. Aurretik elektronika biltegi batean egiten nuen lan. Han ere, jendaurrean aritzen nintzen transistoreak eta bestelakoak saltzen. Langabezian geratu nintzen, eta beste bazkide batek eta biok ireki genuen burdindegia 1987an. Handik urte pare batera, ordea, bazkideak utzi egin zuen, eta ordutik, nik bakarrik jardun dut. 37 urte egin ditut ofizioan.

Zer-nolako salgaiak izaten dituzu dendan?

Denetarik. Gutxien pentsatzen duzuna ere bai. Erremintak, torlojuak, arropa zabaltzeko sokak, bonbillak, zartaginak... Zerbaiten beharra izanez gero litekeena da hemen topatzea.

Gauza arrarorik eskatu al dizute inoiz?

Orain ez zait bururatzen, baina dena den, ez dut aurpegia mudatzen gauza arraroren baten bila datozenean. Ez daukadala esan, eta kito [barrez]. Gauzak asko aldatu dira urte hauetan, ordea. Lehen normalak ziren gauzak, orain, arraro bihurtu dira. Arrautza-ontziak, adibidez. Edo esnea egostekoak. Dena den, zerbait zehatza baino era guztietako arazoekin etortzen zait jendea aholku eske. Zerbait izorratu baldin bazaio etxean nola konpondu dezakeen galdetzen dit.

 

«Lehen normalak ziren gauzak, orain, arraro bihurtu dira. Arrautza-ontziak adibidez»



Burdindegian aritzen den langileak soluzioak ere planteatu behar dizkio bezeroari?

Bai, hori da nagusiki gure ofizioa eta niri gehien gustatzen zaidana. Etortzen zaizu bezero bat, azaltzen dizu zer nahi duen, eta lagundu egiten diozu irtenbidea topatzen. Irudimen handia behar da horretarako. Eskura zein material daukazun begiratu eta horrekin nola moldatu gaitezkeen pentsatu. Gero satisfazio handia da niretzat ikustea proposatutakoak funtzionatzen duela. Hemendik pasatzen zaizkit bezeroak esker ona adierazteko eta niri horrek bete egiten nau.



Zer-nolako bezeroa da gehien gerturatu zaizuna urte hauetan guztietan?

Nagusiki, etxean konponketaren bat egin behar duena izaten da. Igeltseroak eta, gerturatu izan zaizkit puntualki lanen baterako behar duen tresnaren baten bila edo, baina bestelakoan jende arrunta izaten da, bere kabuz etxean konponketatxoren bat egin nahi duena. Gaur egun, edadeko jendea da batez ere gerturatzen dena.

Gizon edo emakume, neurri berean gerturatzen zaizkizu?

Baietz esango nuke, baina batzuk eta besteek eskatzen dutena ez da berdina izaten.

Gisa honetako lan baterako zer behar du saltzaileak?

Pazientzia pixka bat eta umorea. Jarri behar izaten duzu bezeroaren tokian eta saiatu ulertzen momenturo zer behar duen. Norbera bere istorioa kontatzera etortzen da. Bati altzariko atea puskatu zaiola, beteari esekitokiko soka eten zaiola, pertsiana ezin altxa geratu dela hurrengoa, edota ateko banda izorratuta. Horrelako kontuak izaten dira nire eguneroko ogia. Pazientzia galtzen dudan uneren bat edo beste egoten da, baina normalean oso ondo moldatzen naiz bezeroekin, aspaldiko ezagunak ditudalako horietako asko.

 

«Lehen edozer gauza zela, puskatzen baldin bazen konpontzera eramaten genuen»



Asko aldatu al da zuen ofizioa urte hauetan guztietan?

Gure ofizioa ez dakit hainbeste aldatu ote den, baina gure lan egiteko modua bai behintzat. Lehen edozer gauza zela, puskatzen baldin bazen konpontzeko ekartzen ziguten. Nik hemen etxeko pertza eta kazolak jasotzen nituen errematxatzeak jartzera eramateko. Gaur egun horrelakorik ez dago, zerbait puskatzen dela ikusten badugu berehala aldatzen dugu eta berria erosi. Erosi eta botatzearen kultura nagusitu da azkeneko urteetan. Kontsumismo ero batean sartuta gaude.



Uste duzu eskulanari balio handiagoa ematen zitzaiola lehen?

Bai. Gaur egun entxuferik gabeko gauzek geroz eta arrakasta gutxiago dute. Taila egiten edota maketak egiten benetako artistak ziren garai bateko langileak. Milimetro erdiko barautsekin egindako artelanak ikusi izan ditut nik dendan. Jende gazteari esan iezaiozu orain lan horietan hasteko! Pazientziarik ez dute. Orain eta hemen, momentuan behar izaten dute dena.

Zaharkitze programatuaren biktima zarete burdindegiak?

Baietz esango nuke. Urtebeteko bermea bukatu eta hurrengo egunean izorratzen dira aparatuak. Propio eginda daude horretarako. Etxeko-tresnak ez dira, normalean, konpontzera eramaten. Puskatu ahala zakarretara botatzen dira eta berria erosi. Baina martxa honetan segiz gero ez gara urrutira iritsiko. Hobe genuke gauzak berrerabiltzea eta konpontzea.

Zenbat burdindegi zeuden Tolosan garai batean?

Asko zeuden. Jauregi izenekoa zegoen hemen atzean. Iturralde zegoen Zumardi Txikiaren ondoan. Calparsoro Rondilla kalean. Eta haren ondoan, beste bat ere bazen. Letxuga kalean Muñazabal. Orain ni bakarra geratzen naiz. Baina ez da burdindegiekin bakarrik gertatu, komertzio txikiak behera egin du urte hauetan guztietan. Zenbat drogeri zeuden garai batean Tolosan? Eta orain?

Lehia handirik ez duzu, beraz...

Beste burdindegiena ez akaso, baina gure lehiarik handiena, gaur egun, Internet da. Gazteek edozer behar badute hor erosten dute gehienbat. Bururatu ere ez zaie egiten gurea bezalako saltoki batera etortzea. Beharra sortzen zaie, begiratzen dute sarean, erosten dute eta momentuan nahi dute etxeko atarian.

Zaila al da biziraupena saltoki txiki batentzat?

Geroz eta zailagoa dela esango nuke. Lehen kalera joan eta erosketak egiteko ohitura handiagoa zuen jendeak. Itzuli bat ematen zuen eta batean eta bestean begira ibiltzen zen. Gaur egun saltoki handietara joan eta han egiten du egin beharreko guztia. Kalera paseatzera edo tabernetara ateratzen da gaur egun jendea.

Lopez Mendizabal plazan duzu burdindegia. Toki aproposa da?

Bai. Egia da Tolosako erdigunean daukadala denda, eta horrek ikusgarritasuna ematen diola. Hala ere, hemen inguruan tabernak jarri dituzte eta ondorioz terrazak ere bai. Hortaz, pixka bat, tartean bezala geratu naiz, ez bateko eta ez besteko. Erdigunean egoteak gauza onak eta txarrak dauzka. Calparsorokoak Anoeta aldera joan ziren, industriagunera. Erosoago da jendearentzat bertaraino furgonetarekin joatea. Hemen, berriz, geroz eta zailagoa da kotxearentzat aparkalekua topatzea.

Noiz ibiltzen duzu jende gehien dendan?

Igualtsu izaten da ia egunero. Lehen, larunbatetan, esate baterako, jende gehiago ibiltzen zen. Azokara etortzen ziren bezeroak eta erosketak egiteko aprobetxatzen zuten goiza. Aurreko batean egon nintzen azokan eta oso triste zegoela iruditu zitzaidan. Jendea agian ibiliko da, baina ez behintzat dendetara sartu eta erosketak egiteko.



Tolosan bertan, beste herri askotan bezala saltoki asko itxi dira errelebo faltagatik. Zuk erretiroa hartzen duzunean denda itxiko duzu?

Ez zait gehiegi falta erretiroa hartzeko. Jendeak ez ixteko esaten dit, bestela nora joan gabe geratuko direla, beste burdindegirik ez dela geratuko Tolosan. Zorionez, badut erreleboa. Alaba hasi zait burdindegian. Bestelako ikasketak egin zituen baina prest dago dendaren ardura hartzeko. Gaur egun ni egoten naiz goizetan, eta arratsaldetan berak irekitzen du burdindegia. Pixkana ari da hemengo martxa hartzen.

Faltan botako duzu ofizioa erretiroa hartzen duzunean?

Ikusi egin behar. Ni egia esan oso gustura egoten naiz hemen, oso pozik, ez naiz beste batzuk bezala erretiroa hartzeko zenbat egun falta zaizkidan kontatzen ibiltzen. Gustatzen zait jendearekin dudan tratua, eta beti ikasten dut zerbait. Buruari eragiten diot eta horrek mantentzen nau aktibo. Euskara ere horrelaxe ikasi nuen bere garaian, bezeroei entzunda eta haiekin hitz eginda. Asko eman dit ofizio honek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!