‘Un fantasma en la batalla’ filma grabatuko dute, datorren astean, Tolosan

Ataria 2024ko mai. 24a, 19:20

Maiatzaren 30ean eta 31n filmaren pasarte bat grabatuko dute Beotibar pilotalekuan. Egun horietan ezingo da Trianguloa plazako zamalanetarako gunean aparkatu, ezta frontoiaren atzealdean ere.

Maiatzaren 30ean eta 31n, ostegun eta ostiralean, hain zuzen, Un fantasma en la batalla filmaren grabaketa lanak egingo dituzte Tolosan, Beotibar pilotalekuan. Egunotan Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ari dira grabaketa lanak egiten, Donostian edo Eibarren esaterako, eta datorren astean Tolosan egingo dute geldialdia. Filmaren pasarte bat grabatuko dute Beotibar pilotalekuan, bi egunez. 

Agustin Diaz Yanez du zuzendari filmak eta, ekoizle gisa, besteak beste, Juan Antonio Bayona. Diaz Yanesek, Oro, Alatriste eta Sin noticias de Dios filmak zuzendu ditu, eta oraingoan, Tolosan grabatuko den lanarekin itzuliko da zinemagintzara. Juan Antonio Bayona, halaber, aski ezaguna da La sociedad de la nieve, Lo imposible edo El orfanato filmengatik. Filmean parte hartuko duten aktoreen artean daude, besteak beste, Susana Abaitua, Iraia Elias, Raul Arevalo, Ariadna Gil eta Andres Gertrudix.

Grabaketak irauten duen bi egunetan, ezingo da Trianguloa plazako zamalanetarako gunean aparkatu, ezta frontoiaren atzealdean ere. Artxibo inguruan eta Alondegia plazan ere grabaketarako beharrezko duten materiala garraiatuko duten ibilgailuak egongo dira. Behin lanak amaituta, eremua libre geldituko da berriro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!