XX. Roberto Jauregiren Oroimenezkoa egingo da larunbatean

Ataria 2024ko maiatzaren 23a

Roberto Jauregi Oroimenezkoaren aurreko urte bateko momentu bat.

Ohikoa den bezala, maiatzaren azkeneko larunbatean, aurten 25an, Roberto Jauregiren Oroimenezko hegats igeriketa txapelketa egingo da Usabalgo kiroldegiko igerilekuan.

Igarondo Urpekoak taldea da antolatzailea eta azaldu duenez, «bost erkidegotik –Katalunia, Gaztela, Aragoi, Nafarroa eta Euskadi–  etorritako 12 -15 urte bitarteko 180 gaztek Roberto omenduko dute, ahal den era onenean, igeri egiten».

Roberto Jauregi hegats igeriketa Tolosara ekarri zuen entrenatzailea izan zen eta «edozein kirolariri laguntzeko prest zegoelako ezagutzen dute tolosar askok eta askok», zehaztu dute antolatzaileek. Txapelketa 10:00etan hasiko da goizean eta 16:00etan arratsaldean. 50 metrotik hasita eta 400 metro arteko probak gauzatuko dira, eta antolatzaileek ikusleentzat oso formatu ikusgarria izango dela pentsatzen dute. Igarondo Urpekoak taldeko 5 igerilariek parte hartuko dute, eta beraientzat esperientzia polita izatea espero dutela gaineratu dute klubetik.

Igarondo Urpekoak taldeak Tolosako Udalari, eta Cartonajes Limousin eta Copytec babesleei eskerrak eman dizkiete eskainitako laguntzagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!