Sarraskiaren kontakizuna, marrazkietan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 23a, 07:59

Mertxe Amondarain tolosarrak, Gazako sarraskiko argazkietatik abiatuz, 'Begiek min eman arte' erakusketa osatu du, 30 ilustraziorekin; Aranburu Jauregian ikusi daitezke marrazkiak, ekainaren 1a bitarte.

Abendu amaieran tableta bat erosi eta lau hilabetez buru-belarri marrazkiak egiten aritu zen Mertxe Amondarain tolosarra, inolako helbururik gabe, aisialdi modura. Betidanik aritu da sormenarekin lanean, eta marrazkiak egiteko ohitura handirik izan ez badu ere, zaletasun handia duela aitortu du. Ikasturte honetan, kultur etxeko marrazketa ikastaroko partaide da.

Tableta nola erabili lagun batek erakutsi ziola aitortu du. «Hau nire tresna da» esan zuen orduan. «Horrela hasi nintzen bertan marrazkiak egiten. Hunkitzen ninduten argazkiak aukeratu nituen, eta horiek tabletan marrazten hasi nintzen».

Marrazkiak egin ahala, lagunei erakusten zizkien Amondarainek. «Erakutsi egin behar dituzu», esaten zioten beraiek. «Marrazketa ikastaroko irakasleak ere animatu ninduen eta, orain inoiz irudikatzen ez nuen zerbait egin dut, erakusketa batean jartzea». Hain justu, Begiek min eman arte erakusketa zabaldu zuen hilabete hasieran Aranburu Jauregian, eta ikusgai egongo da ekainaren 1a bitarte. Asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da, 17:30etik 20:30era.

BEGIRADATIK ABIATUTA

Gazako sarraskiaren inguruko 30 ilustraziorekin osatu du erakusketa Amondarainek. Sarraskia hasi zenean, beste askoren modura, ezindua sentitu zen. «Urteak neramatzan Maruja Torres kazetariaren lana jarraitzen X sare sozialean, eta berak esan zuen Gazan gertatzen ari zenari begiratu behar geniola begiak odoletan hasi arte. Hori egingo nuela pentsatu nuen, zer gertatzen ari zen ikusi, begiek min eman arte».

Horrela, sarraskiaren inguruko argazki eta bideoak begiratzen hasi, eta begirada horietatik hasi zen marrazten Amondarain. «Ikusi nahi nuena eta ikusi nahi ez nuena ere ikusi nuen irudietan, eta begirada horren emaitza dira marrazkiak». Ilustrazioaren teknika erabili zuen argazkiak marrazteko; irudiak, ordea, ez zituen guztiz marrazten. «Oinarrizkoena bakarrik marraztu nuen, hau da, geruza garrantzitsuena edo deigarriena, gainerakoak marrazkitik kanpo utziz», adierazi du.

Gainera, tonu iluneko koloreak erabili zituen gehienbat, baina marrazki guztietan elementuren bat tonu argiago batean margotu zuen. «Denak amesgaizto batean daude, baina bizitzak aurrera egitera bultzatzen ditu. Heriotzaren inguruan ere bizitza dago. Gizakiak bizitzaren alde egiten duen borroka adierazi nahi nuen», azaldu du. «Uste dut gris kolorea ez dudala gehiago erabiliko marrazkietan», gaineratu du.

EZINTASUNAREN ADIERAZPENA

Erakusketa «ezintasunaren adierazpen bat» dela nabarmendu du tolosarrak. «Badago hizkuntza bat, badago kontakizun bat, eta herritarrek hori ikusi eta sentitu behar dute. Batez ere, eta hala eta guztiz ere, bizitza kontatzen du».

Gazan gertatzen ari dena «deskribaezina, ankerra eta beldurgarria» dela salatu du. «Nire besaulkiaren erosotasunetik, ez ahazteko ahaleginak egiten ditut». Palestinako herriari modu oso xumean laguntzea izan da Amondarainen helburua. «Gertatzen ari denaz ez ahaztu eta, marrazkien bidez, gertu izan. Hilabete hauetan, egunero gertatzen ari dena ikusi dut, marraztuko nituen argazkien bila, argazki horiek marraztuz, protagonistak marraztuz, izugarrikeria egunez egun begiratuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!