Elkarretaratzea egingo dute osteopataren biktimei babesa emateko

Ataria 2024ko maiatzaren 22a

Tolosaldeko Mugimendu Feministak salaketa jarri dutenek emandako urratsa txalotu du, eta babesa azaldu die; lehen salaketa jarri zen egunean, hilaren 28an izango da elkarretaratzea, Tolosako Emakumeon plazan.

Lau hilabete beteko dira Tolosako osteopataren aurkako lehen sexu eraso salaketa jarri zenetik. Ordutik, guztira hamar emakumek jarri dute salaketa. Otsailaren 2tik behin-behinean atxilotuta dago osteopata. Egun horretan, epaitegian deklaratu zuten haren aurka salaketa jarritako lau emakumek, eta baita berak ere. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta.

Bada, sexu erasoa jasan zuten emakumeek salaketa jartzeko emandako urratsa txalotu dute Tolosaldeko Mugimendu Feministatik; era berean, salaketaren prozesua bizitzen ari direnei babesa azaldu die «sistema judiziala oso gogorra delako». Mugimendu feministaren arabera, «elkartu eta ahalduntze ariketa eredugarria» ari dira egiten.

Baina, txalotzearen ez dela nahikoa diote, eta «hitzetatik ekintzetara» jo behar dela. Horregatik, eta kalera irtetearen «beharra» azpimarratuz, eskualdeko mailako elkarretaratzea egingo dute hurrengo asteartean, hilaren 28an, hain justu lehen salaketa jarri zenetik lau hilabete beteko diren egunean. Elkarretaratzea Tolosako Emakumeon Plazan izango da, 19:00etan . «Guk sinisten dizuegu, zuekin gaude, eta zuekin egongo gara!», esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!