ELKARRIZKETA

«Ez nau beldurtzen teknologiak berak, mundua kontrolatzen dutenek baizik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 26a, 07:58

Unai Elordi Hidalgo adimen artifizialean doktorea eta ikertzailea. J. ARTUTXA

15 urte inguru zituela informatikari lotuta lan egingo zuela amesten zuen Unai Elordi Hidalgok; orain, 15 urte daramatza adimen artifizialarekin lanean. Eraginkorra bezain arriskutsua izan daitekeela aitortu du.

Informatikan Ingeniaria eta Sistemen Informatikan Ingeniari Teknikoa eta adimen artifizialean doktorea eta ikertzailea da Unai Elordi Hidalgo (Tolosa, 1985). Gustuko du buruari eragitea, eta 15 urte daramatza mundu errealeko arazoak adimen artifizialaren bitartez ikertzen eta aplikatzen, Vicomtech Teknologia Zentroko Segurtasun-bideo Adimendunaren Analisirako Ikuspegi Informatikoko departamenduan. Zenbait arlotan aplikatzen du bere esperientzia, hala nola, aurpegiaren ezagutzan, irudi analisi biomekanikoan eta adimen artifizialeko ereduen hedapen optimoan.



Betidanik egon zara informatikari eta teknologiari lotuta?

Nire belaunaldiko pertsona guztien moduan, haurtzaroan ezagutu nituen ordenagailuak. Hori bai, guztiok dakigu nolakoak ziren garai hartako ordenagailuak; Interneten abiadura motela zen. 1980ko hamarkadan jaio ginenok gertutik bizi eta sentitu dugu Internetaren iraultza, eta dagoeneko nahiko helduak gara; Whatsapp-ak eta sare sozialek berandu harrapatu gaituzte. Bestetik, betidanik gustatu izan zaizkit bideo-jokoak eta ordenagailuak muntatzea. Inguruan ere banituen zaletasun berdinak zituzten lagunak.

 

«1980ko hamarkadan jaio ginenok gertutik bizi eta sentitu dugu Internetaren iraultza»



Noiz hasi zitzaizun interesa pizten?

Gogoan dut oinarrizko ikasketak amaitzen ari nintzela, irakasleei esaten niela informatikaria izan nahi nuela. Oso argi nuen guztia egiteko gai ziren ordenagailuak esperimentatu nahi nituela. Hala ere, ez nuen gogo hori lau haizetara zabaltzen. Kontua da, garai haietan, eta ez dakit gaur egun ere antzekorik gertatuko den, frikia zenak eskola jazarpena jasaten zuela, eta horren beldur nintzen.

Ingeniaritza Informatikoko ikasketak egin nituen Mondragon Unibertsitatean, Arrasateko fakultatean. Askok itxaropena galduko nuela esaten zidaten, baina guztiz aurkakoa gertatu zen. Esperientzia ederra izan zen; asko gozatu nuen. Begiak gehiago ireki zizkidan mundu bat ezagutu nuen unibertsitatean. Programatzeko gaitasuna izateak ahalmen handiagoa ematen zidan informatikako beste zeregin batzuetarako. Ordenagailua burmuinarekin alderatzen nuen askotan. Gradu Amaierako Lana gaur egun lan egiten dudan Vicomtech-en burutu nuen.



Eta nola sortu zen adimen artifizialerako jauzia emateko aukera?

Beti nuen buruan adimen artifizialeko ikasketak egiteko pentsamendua eta ingeniaritza informatikoko ikasketak egitean areagotu zitzaidan gogoa. Garai hartan, baina, adimen artifiziala oso aspergarria zen eta orduan itxaropena galdu nuen, Vicomtech-en lanean hasi nintzen arte. Erabat aldatu zidan ikuspegia. Orduan ezagutu nuen benetan adimen artifizialaren mundua, baita ikusmen artifizialarena ere. Beti daukat gauza berriak esploratu eta ikasteko beharra, eta esango nuke nire jokabideak bultzatu ninduela bide hau hartzera.

Aurten 15 urte egingo dituzu Vicomtech Teknologia Zentroan lanean.

Urte batean pentsatu nuen ez zidatela hitzarmena berrituko, eta beraz, start-up edo enpresa berri bat sortu nuen lanean ari nintzen bitartean. Kasualitatez, enpresan bertan geratzeko aukera eskaini zidaten, eta gustukoagoa nuenez, bertan jarraitzea erabaki nuen. Zorte handia izan nuen.



Zein izaten da zure zeregina?

Nik, berez, kotxe autonomoen alorrean lan egin nahi nuen. 24-25 urte nituenean amets bat nuen: Hernanira sagardotegi batera otordu bat egitera autoz joan, eta bueltakoan, autoari «eraman nazazu etxera» esan eta kotxeak automatikoki etxeko atarian uztea. Badakit gaur egun gizartean kontzientzia handia dagoela gai honen inguruan, baina une hartan, autoz ibiltzeko beldurra galtzea zen helburua.

Bideoen analisiak egiten hasi aurretik, Automozioaren departamenduan lanean aritu nintzen zenbait urtez. Gaur egun asko ikusten diren zenbait sistema lantzen nituen, hala nola, erreiak, pertsonak edota oztopoak detektatzeko sistemak. Nik buruan nuen kotxe batek, pertsona baten moduan, begiekin ikusten zuela, baina kotxe autonomoak gehiago du sagu-zaharretik pertsonatik baino. Atentzio handia eta zirrara sortzen zidan horrek. Beranduago, baina, departamenduz aldatzeko unea iritsi zitzaidan. Hala ere, oraindik proiektu horretan lanean ari dira, baina nik oraingoz ez nuke auto bat bakarrik ibiltzen utziko. [Barreak].

Gaur egun, Segurtasun-bideo Adimendunaren Analisirako Ikuspegi Informatikoa departamenduko ikertzailea naiz. Kirolaren teknifikaziorako gorputzen jarrerak kontrolatzen ditut kirol desberdinetarako, kirol errendimendua hobetzen laguntzeko ikerketak ere egiten ditut. Bestetik, bihotzeko gaixotasunak aztertu ahal izateko aurpegiko espresioak detektatzeko ikerketak egiten ere aritu izan naiz. Ikerketa guztietan metodoa antzekoa izaten da. Irudi batzuen bitartez, soluzioak aurkitu nahi izaten ditut, adimen artifiziala erabilita.

Mundu errealeko arazoak adimen artifizialaren bitartez ikertzen eta aplikatzen aritzen zara, ezta?

Programak garatzen aritzen naiz batez ere. Apur bat harroputza naizela pentsa dezake batek baino gehiagok, baina pentsatzen dugu adimen artifizialak guztia argitu dezakeela, eta zenbait kasutan, arazo konplexu bakoitzaren esanahiak bere pisua du; kasu horietan adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzeak ez du balio izaten. Ondorioz, ulertu egin behar da zeintzuk diren bere mugak.

«Ulertu egin behar da zeintzuk diren adimen artifizialaren mugak»


Adimen artifiziala bera edo teknologia neurriz kanpo baloratuta daudela iruditzen zait. Gauza bakoitza zertarako egiten den ulertzen duzunean kontrol handiagoa izaten duzu. Batzuetan, topera sentitzen naiz eta gauez programatzen aritzen naiz. Behin lasaitzen naizenean, erritmoa ez da berdina izaten, baina ikasteko dudan gaitasuna handitu egiten da. Gauza bera egiten denbora asko igarotzen baduzu, gaitasunak garatzea lortzen duzu.

«Nire zeregin bikoitzak kontzeptu zientifiko konplexuen eta, oro har, ulermen publikoaren arteko tartea ixteko aukera ematen dit». Zuk esandakoa da hori. Azaltzerik bai?

Oso filosofikoa dirudi. Iruditzen zait teknologia oso errotuta dagoela gizartean, eta askotan gaizki erabilia ere izaten dela. Nire nahia da gizartea ohartzea benetan zer gertatzen ari den eta guztia zergatik doan horren azkar.

Noizbait izan duzu gertuko norbaiti hori azaltzeko beharra?

Nire aita kezkatuta zegoen garai bat bizitzea egokitu zitzaidan. Berak pentsatzen zuen hackeatu egingo zutela, kreditu txartela ezingo zuela erabili, eta zalantza ugari izaten zituen mugikorrera heltzen zitzaizkion mezuen inguruan. Orduan jabetu nintzen nigandik oso gertu bazegoela ez-jakintasun kasu bat, eta gizartean orokorra zela ezinegon hori. Mugikorra oso gertu izaten dugunez, ia beti eskuetan, bertan daukagun guztia ondo babestuta dagoela uste dugu, baina nahikoa da mugikorrera sartu gabe bertan dagoen informazioaren jabe egitea, bestelako konexioak eta sistema eragileek biltzen dituzten datuak erabiliz.

Urte hauetan guztietan, 50 proiektu egin dituzu. Bakarren bat nabarmentzeko?

Lauzpabost proiektu egingo nituen urte bakoitzean, batzuk txikiak eta beste batzuk handiak. Badago bat oso gustuko dudana, hunkigarria izateraino. Gaixotasun neurologiko bat duten pertsonentzat, begien kliskarekin soilik pantaila bat martxan jartzeko algoritmo bat sortu genuen, eye-tracking teknologiarekin lan egiten duen Donostiako Irisbond enpresarekin elkarlanean.

Gaixo askok ezin izaten dute hitz egin. Orduan, interakzio bat behar dute, gutxienez, ondo daudela jakin dezagun. Batzuek teklatu batean idazteko gaitasuna dute, begiratzen duten bitartean; beste batzuek, berriz, irudiak behar dituzte. Azkenean, komunikazioak egiten gaitu pertsona.

Alboko esklerosi amiotrofiakoa eta garun paralisia zuten gaixoekin zein tetraplegikoekin lantzeko aukera eduki genuen, eta esperientzia guztiak oso desberdinak izan ziren. Alboko esklerosi amiotrofikoa dutenek ez dute ia keinu bakar bat ere egiten; garun paralisia dutenak, berriz, keinu bitartez adierazten dira. Azkenik, tetraplegikoek hitz egin dezakete, baina ezin dituzte eskuak mugitu. 18 urteko gazte estatubatuar bat, istripu baten ondorioz, tetraplegiko geratu zen, eta berak aitortu zigun autonomia handia ematen ziola proiektu honek. Aitortze hutsa opari bat izan zen niretzat. Orduan jabetu nintzen sistema guztia teknikoki bikain definitzeko igarotako denborak balio izan zuela.

Esaten dutenez, egunero ikasten da zerbait. Zure kasuan, adimen artifizialarekin ere gauza bera pasatzen zaizu?

Bai, eta oso estresagarria da hori. Perfekzioa bilatzeak eragin handia du horretan. Ikerketen eta teknologia aurreratuaren alorrean, beti dago presa handia, eta badirudi, egunean bertan aurkeztu den asmakizuna sekulakoa dela. Batzuetan, antsietate handia sentitzen dugu. «Herdoiltzen ari ote naiz?», galdetzen diot askotan neure buruari. Gero, artikuluak irakurtzean eta softwareak programatzean, konturatzen naiz asmakizun hori ez dela uste dena bezain ona edo, akaso, ez dela behar bezala aplikatzen mundu errealeko programa guztietan.

 

«Ikerketen eta teknologia aurreratuaren alorrean, beti dago presa handia»



Lagun edo etsai moduan hartu behar da adimen artifiziala?

Galdera ona, askotan egin izan didatena. Batzuetan futurologoa sentitzen naiz. Ez nau beldurtzen teknologiak berak, mundua kontrolatzen dutenek baizik. Ez dut nostalgiko edo iraultzaile azaldu nahi, baina askotan, industriak gauzak oso azkar joan daitezen nahi du, gure datuekin zer egiten ari diren ohartzeko ia denborarik izan ez dezagun.

 

«Barne-gatazka bat daukat adimen artifizialarekin. Ezinbestekoa da irizpide bat izatea»



ChatGPT eta antzeko sistemek internetetik hartzen dituzte datuak, eta askok, lizentzia dute horretarako, eta nahi dutena egiten dute, baina, berez, eduki horien copyright eskubideak errespetatu beharko lituzkete. Kontua da informazio hori erabiltzera behartzen dutela gizartea, eta gero ezin izaten dutela atzera egin. Dena, ordea, ez da txarra; batzuetan baliagarriak izan daitezke sistema horiek. Ondorioz, barne-gatazka bat daukat adimen artifizialarekin. Ezinbestekoa da irizpide bat izatea.

Bestalde, irudi-prozesaketa medikuntzan txertatzen dugunean, erradiografiak irakurri ahal izateko, adibidez, onerako izan daiteke. Adimen artifizialak medikuek baino gaitasun handiagoa izan dezake, mikro-patroiak identifikatuz, azaleko minbizia antzemateko, hobeto esanda, azaleko orbana ondo edo gaizki dagoen jakiteko. Horrekin ez dut esan nahi medikuak ordenagailuengatik aldatu behar ditugunik, baina teknologia lagungarri izan daiteke.


ESTI VEINTEMILLAS / TAPUNTU


Adimen artifizialaren olatuan sartzera bultzatu gaituzte ala guk erabaki dugu olatu horretan sartzea?

Nik oso gustuko dut surfa, nahiz eta surflari oso txarra naizen. Surfa praktikatzean asko sufritzen da, zaila delako, eta oso errepikakorra. Askotan, olatu handi bat datorrenean, beldur handia sentitzen dugu, baina hori hartuz gero, sekulakoa izaten da sentsazioa. Adimen artifizialarekin antzeko zerbait gertatzen da. «Ez dut ezer jakin nahi» izan daiteke lehen erantzuna. Bakarren batek, ordea, saiakera bat egiteko nahia izan dezake, nola funtzionatzen duen probatzekoa. Nire ustez, proba bat, behintzat, egin behar da. Olatua norberak hartu behar du. Gero, gustatzen ez bazait edo balio ez badu, ez da ezer gertatzen.

Azkar hedatu da adimen artifizialaren kezka gizartean. Aldaketen beldur izan behar dugu edo onerako da aldaketa?

Duela 10 urte hasi ziren teknologia hau erabiltzen, eta orain hilabetero zerbait berria asmatzen dute. Zientzian lan egiten dugunok jakitun ginen garai hau helduko zela, baina batzuetan pertzepzioa dut gauzak azkarregi doazela. Denborarekin normalizatu egingo da, beste edozein software erabiltzen dugun bezala erabiliko dugu adimen artifiziala, eta kontziente izango gara zeintzuk diren bere mugak. Merkatu berri bat zabaldu da, diru asko duen merkatu bat da, eta mundu guztia da aditua.

Eta nola lortu daiteke azken urteetan adimen artifizialak aldi berean eragindako presa sentsazioaren eta atzean gelditzeko beldurraren arteko oreka?

Beti izango dugu atzean gelditzeko beldurra, gaur egungo sistema hierarkizatuak eta kapitalismoak horretara bultzatzen gaituelako. Ez diet sare sozialei errua leporatu nahi, baina sortzen ari garen gizartea presaka bizi da. Askotan, mugikorreko aplikazio batean sartzen zara, eta minutuak edo orduak pasatzen dituzu bertan, zer egiten ari zaren kontziente izan gabe. Kontu handiz erabili beharko genituzke, kalte handiak eragin ditzakeelako.

Laster makinak izango ditugu gizakion ordez?

Nire iritziz, ez. Duela 50 urteko lanpostuak gaur egungoekin alderatuta, asko aldatu dira, eta aldatuko dira aurrerantzean. Digitalizazioak lanpostu asko galtzea ekarri du, baina berriak ere sortu ditu. Gizakia makina bat baino askoz gehiago da. Gure gaitasun guztia egiten dugun horretara soilik mugatzen dugu, baina gaitasun gehiago ere baditugu, hala nola, egunero zerbait berria ikasteko.

 

«Digitalizazioak lanpostu asko galtzea ekarri du, baina berriak ere sortu ditu»



Kuadrillako lagun batek behin ChatGPT-ak gizakiari lana kentzeko aukeraren inguruko kezka azaldu zidan. «Adimen artifizialak nire lana egiten badu, ni kalera noa», esan zidan. Baina, hor badago kontuan hartu beharreko xehetasun bat. Zuk sormena estatistika bat bezala zehaztuz gero, beti joko du errepikatzera. ChatGPT-a erabili duen edonor jabetuko da horretaz.

Zuk elkarrizketa batean esan zenuenez, adimen artifizialarekin bizitzen ikasi behar du gizarteak. «Gizakia emulatzeko sortzen dugu teknologia hori, baina oso zaila izango da gure bihotzetara iristea», esan zenuen. Zer dela eta?

Demagun adimen artifizialak aurkezle bat sortzen duela. Gustatzera heltzen bada, adimen artifizialagatik izango da. Egungo aurkezle batek bere karisma, bere komunikatzeko modu propioa eta bere sentimenduak transmititzeko gaitasuna dauka. Ez dut uste robot batek hori egiteko gaitasuna daukanik.

 

«Noraino helduko gara?», pentsatzen dut askotan, kontrol falta handia dagoelako»



Aldi berean, esan izan da, baita gertatu ere, bakarrik sentitzen direnek adimen artifiziala erabili izan dutela, txatak beraiei hitz egin ahal izateko. Eta entzun dut bakarren bat ere maitemindu dela adimen artifizialarekin. Ondorioz, «noraino helduko gara?», pentsatzen dut askotan, kontrol falta handia dagoelako.


ESTI VEINTEMILLAS / TAPUNTU


Zer da adimen artifizialetik gehien gustatzen zaizuna?

Gauza mordoa. Ezin duzu irudikatu. Gehienbat, irudien munduak txunditzen nau, datuak kudeatzeak, eta esango nuke, gehien gustatzen zaidana dela gaur egungo algoritmoek daukaten iragarpen edo aurreikuspen gaitasuna, eta datuak kudeatuz gauza oso interesgarriak egin daitezkeela, gehiegi jakin gabe ere.

Eta gutxien?

Enpresa handiek adimen artifiziala erabiltzeko modua, eta batez ere, egunerokotasunean antsietate-maila altua sortzen ari den korrontea. Mezuak bidaltzen dizkizute, «herdoiltzen ari zara, esnatu, mugi, bestela atzeratuta geratuko zara» esanez. Orduan ikusten duzu non dagoen otsoaren ahoa. Askok negozioa egin nahi dute honekin, zilegi da, baina ez dut nahi gizartea horrelako diskurtso errazekin engainatzea.

Zer ematen dizu adimen artifizialarekin lanean aritzeak?

Ikaragarri dibertitzen naiz arazo zail askori irtenbidea topatzen. Gainera, oso bisuala da. Hala ere, antsietatea ere sortzen du; izan ere, ikertzaileok ezin izaten dugu ezezkorik eman, eta arazo bat dagoenean, irtenbidea topatu behar diogu, eta batzuetan, baiezkoa ematen duzu zenbait xehetasun jakin gabe. Askotan, gainera, modelo bat ingurune jakin batean entrenatzen dugu, baina erabat aldatzen duzunean, funtzionatzeari uzten dio. Orduan, badirudi ez zarela gai lanpostu horretarako. [Barreak].

Etengabe konektatuta aritzen zara lanean. Izaten al duzu deskonektatzeko aukerarik?

Norberaren egoeraren arabera, lanetik gehiago edo gutxiago deskonektatzeko aukera handiagoa izaten da. Nire kasuan, aita izanik, balio handiagoa ematen diet beste gauza batzuei, baita aisialdiari ere. Doktoretza egiten nuenean, lanean ere ari nintzen, eta egunaren erdia baino gehiago eskaintzen nien biei. Orain, beste bizimodu bat dut, eta ikaragarri eskertzen dut. Lasai egoteko aukera ere izaten dut, eta horri ere bere balioa eman behar zaio.

Elkarrizketa honetako galderak ChatGPT-ri eginez gero, erantzunak berdinak lirateke?

Espero dut ezetz. Akaso mugikorra elkarrizketa entzuten ari da eta CahtGPT-ri pasa dio informazioa. Erantzun edukatuena ematen du beti, baina kasu honetan, ez dut uste lortuko zukeenik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!