Irristaka taldeko Aitor Vacasek urrea lortu du

Ataria 2024ko mai. 22a, 10:49

Espainiako Patinaje Txapelketa izan zen jokoan asteburuan Iruñean, zirkuitu modalitatean. Irristaka taldeko lau patinatzaile izan ziren bertan, eta Aitor Vacasek urrezko domina lortu zuen 10.000 metroko puntuazio proban senior mailan.

Itzuli bateko proban 15. postuan geratu zen Vacas eta 15.000 metroko kanporaketa proban 35. postuan. Senior mailan, Julen Urkizar 27. izan zen 10.000 metrotan, eta Ximon Villalobosek 28. postua lortu zuen 10.000 eta 15.000 metrotako probetan. Irati Osak junior mailan parte hartu zuen eta 35. postuan iritsi zen 15.000 metrotan.

Vacas «pozik» azaldu da lortutako urrezko dominarekin: «Lortu nahi genuen helburua zen, eta asteburuan posible izan da. Taldearen laguntzarik gabe ez zen posible izango; lorpen honen atzetik talde bat eta taldekideak daude». Irristakako patinatzailea izateaz gain, entrenatzailea da Vacas, eta aurten ahalegin berezia egin dute: «Entrenamenduetan eta talde bezala apustua egin dugu aurrean egoteko, ez bakarrik Espainiako Txapelketan, baita beste lehiaketa batzuetan ere».

Irristaka taldea aurten Liga Nazionaleko bigarren mailan lehiatzen ari da. «Liga Nazionalean 2023an sartu ginen, hirugarren mailan, talde berria ginelako. Lehenengo urtean bigarren mailara igotzea lortu genuen, eta aurten bigarren mailan gaude», azaldu du Vacasek. Bigarren doaz, eta lehenengo sailkatua zortzi puntura dute. «Helburua lehenengo mailara igotzea da. Zaila da, talde txiki bat garelako eta ez dugulako baliabide egokirik entrenatzeko, baina uste dugu lortu dezakegula».

Argazkiak: RFEP

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!