Tolosan dozena bat hizkuntzatan loratu da kultura aniztasuna

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 21a

‘Lorategia’ ipuina hizkuntza ezberdinetan irakurri dute txandaka Tolosako hainbat herritarrek; mural bat ere jarri dute hitz bera hainbat eta hainbat hizkuntzatan marraztuta.

Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Galtzaundi Euskara Taldeak berera ekarri du efemeridea Hizkuntza Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuta.

Egunean zehar mural bat jarri dute Tolosako Trianguloa plazan jendeak bere hizkuntzan idatzi zezan ‘lorea’ hitza, hain zuzen, irakurri asmo zuten ipuineko elementua. Arratsaldean, berriz, oholtza gainera banaka-banaka igo dira hainbat herritar norbere hizkuntzan Lorategia ipuina irakurtzera. Ekitaldiak iraun bitartean hainbat kulturako jakiak eta edariak dastatzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.

Istorio bat ele askotan
«Tolosako etxeetan hizkuntza mordo bat hitz egiten da euskaraz eta gazteleraz gain, eta nahi duguna da gaur egungo tolosarren hizkuntzak ezagutu», horrela hitz egin du Imanol Artola Galtzaundiko kideak ekimenaren inguruan.

Hainbat hizkuntza identifikatu dituzte, eta horretan lagundu diete zenbait elkartek eta ikastetxek. Emaitzen inguruan pozik hitz egin du Artolak, baina nabarmendu du jabetzen direla hizkuntzen erdiak zenbatzera ere ez direla iritsi. 

Galtzaundiko kideak azaldu duenez Tolosako kultura eta hizkuntza aniztasuna «islatzea eta ikusaraztea» da jardueraren helburuetako bat: «XXI. mendeko Europa honetan gero eta kultura gehiago bizi dira eta horiei leku egin behar diegu». Zentzu berean, gakoa «elkar ulertzean» eta bestearen hizkuntza eta kultura «errespetatzean» datzala ere nabarmendu du.

Irakurketarako ipuina ere ez dute nolanahi aukeratu. Kultura ezberdinetako hizkuntzetan irakurri behar zutenez ezin zuten «betiko Europako ipuin bat» aukeratu: «Kontuan hartu dugu kontakizunak zein erreferentzia kultural dituen, ipuina denok gure senti dezagun». Asmatu dutelakoan, asebeteta hitz egin du Artolak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!