Eguzkitza Sagardotegia TAKE mailaz igo da

Imanol Garcia Landa 2024ko maiatzaren 22a

Gipuzkoako lehen mailako finalean CD Internacional taldeari irabazita, datorren denboraldian 2. nazional mailan ariko da.

Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldeak datorren denboraldian 2. nazional mailan jokatuko du. Gipuzkoako lehen mailako finala irabazi zion CD Internacional taldeari larunbatean, Beasainen, 51-49ko markagailu estuarekin.

Partida «urduritasun handiz baina oso pozik» bizitu zuen Mikel Lakuntza entrenatzaileak: «Azken segundo hori bukatu zenean, ez baikenuen atseden hartzerik izan partida osoan, lasaitasun handiz eta oso harro jokalariek egindako lanarengatik, eta ikusita urtearen bukaeran helburua lortuta zegoela». Marta Mendinueta kapitainak gaineratu duenez, «finalerdia estua izan zen ere, eta irudipena dut orduan urduriago geundela. Finala bagenekien parekatua izango zela, eta edozer gauza gertatu zitekeela. Azkenean bi gora bukatu genuen, eta sekulako ospakizuna egin genuen kantxan bertan». Bide batez, Mendinuetak eskertu die zaleei denboraldian zehar, eta bereziki finalerdian eta finalean, emandako babesarengatik.

TAKEko emakumezkoen lehen taldea ez da inoiz izan Gipuzkoa gaindiko maila batean, beraz, igoera garrantzitsua lortu dute. «Liga ez dugu ezagutzen, baina aldea ez dela hain handia izango iruditzen zaigu», esan du Lakuntzak. «Ez gara hasi planifikaziorekin, baina taldekideak mantenduz gero eta gauzak ondo eginda, uste dut ez dugula sufrituko. Harrobia ere hor dago eta emakumezkoen saskibaloiak etorkizuna du TAKE klubean».

Argazkiak: Carlos Mediavilla

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!