Lehen aldiz igoera fasera, omenaldi eta guzti

Ataria 2024ko maiatzaren 21a

Larunbatean Eskoriatzari 6-1 irabazi ondoren, 2. B Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du Tolosala AFKE-k. Klubean bederatzi urte egin ondoren, denboraldia amaitu ondoren utziko du taldea Antton Garro jokalari tolosarrak.

Bere ibilbide laburrean, historia egiten jarraitzen du Tolosala AFKE klubak. Aurten, lehen aldiz, 2. B Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du. Larunbatean eskuratu zuen igoera faserako txartela, Eskoriatzari 6-1 irabazi ondoren. Tolosarrak 0-1 galtzen hasi baziren ere, markagailua irauli, eta Alex Ibañez atezainaren lan onari esker, irabaztea lortu zuten.

Partida amaituta, omenaldia egin zioten Antton Garro jokalari tolosarrari. Klubean bederatzi urtez jokatu ondoren, denboraldia amaitu ondoren utziko du; hala ere, jokatzeari soilik utziko dio, aurrerantzean beste ardura batzuk hartuko baititu klubean. Senitartekoek, kuadrillako lagunek, taldekideek eta taldekide ohiak bildu ziren Uzturpe frontoian, Garro omentzeko. Larunbatean, gainera, gola egin zuen tolosarrak, etxeko bere azken partidan. Omenaldi borobila, beraz.

Larunbat honetan, historia egiten jarraitzeko aukera izango du klubak. Izan ere, liga lehen postuan amaitu duen Antiguoko talde donostiarraren aurka jokatuko du igoera faseko lehen kanporaketa. Partida bakarrera izango da, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Irabazleak, bigarren eta azken kanporaketa jokatuko du Gasteizko Aurrera eta Arrasateko Mondrate taldeen arteko kanporaketako irabazlearen aurka. Bi kanporaketa irabazten dituen taldea igoko da 2. B Mailara.

Autobusez joateko aukera

Tolosalaren eskutik, larunbatean Donostiara autobusez joateko aukera izango da. 18:00etan hasiko da partida, eta autobusa 16:00etan aterako da Iurre tabernatik. Itzulerako autobusa, berriz, partida amaitu ondoren izango da. Autobusez joan nahi dutenek osteguna baino lehen eman behar dute izena 647 442 525 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!