Igandera arte izango da Targazki lehiaketan parte hartzeko aukera

Ataria 2024ko maiatzaren 20a

Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak, hamaikagarren aldiz, Tolosa Herria Nazioarteko Argazki Lehiaketa antolatu du, Tolosan argazki kultura areagotzeko asmoz. Dagoeneko zabalik da izen-ematea eta parte hartzaileek igandera arte bidali ahalko dituzte euren lanak digitalki, aurkezte kosturik gabe.

Urtero moduan, gaia librea izango da eta nahi duenak eman dezake izena, tolosarra izan edo ez. Oinarriak Targazkiren webgunean aurkitu ahal izango dira. Ekainaren 15ean izango da sari banaketa, Tolosako Kultur Etxeko areto nagusian. Sailkapen hobena lortutako lehen hiru euskaldunek, Argizaiolarako kredentzialak lortuko dituzte. Aldi berean, hoberen puntuatuko argazkien erakusketa Tolosa&Co dendetako erakusleihoetan izango dira ikusgai.

Aurtengo edizioan, aurrekoetan bezala, ahalegin berezia egin nahi izan dute tolosarren parte hartzea areagotzeko. Hortaz, adin nagusikoez gain, tolosar gazteen atalarekin jarraituko dute. Sail horretan ere sariak izango dira, domina edota 100 euroko erosketa bonua Tolosa&Co dendetan erabiltzeko.

Aurtengo ekitaldia jantziagoa egin nahi dutela adierazi dute antolatzaileek, "datozen herritar guztiei paregabeko momentua goza dezaten". Horregatik, eskualdeko argazkilari eta argazkizale guztiak lehiaketan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!