Baserritarrei eta ekoizleei, aitortza

Ataria 2024ko maiatzaren 18a

Iragan asteazkenean San Isidro egunaren ospakizunaren harira, gaurko Tolosako Azokan Tolosako Udalak aitortza eta esker ekitaldia eskaini die Zerkausian eta Berdura plazan bildutako ekoizleei. Udaberri dantza taldeko dantzarien dantzak ez dira falta izan gaurko ospakizunean.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak oroigarri bat eman die postuz postu, larunbatero Tolosako Azokara etortzen diren baserritarrei. Oroigarriak Nestor Basterretxearen Goldea obra du oinarri, eta Maitane Azurmendi ilustratzaileak egin du.

Baserritarrei eskainitako eskultura da Goldea, duela 24 urtetik Tolosako Emeterio Arrese lorategietan jarrita dagoena. Belaunaldi berriei baserritarren balioa helaraztea izan zen artistaren asmoa; besteak beste, helburu horixe bera du udalak gaur egun ere. Izan ere, alkateak azpimarratu duenez, «baserritarren lana komunitatearentzat funtsezkoa da».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!