Judo Klub Tolosakoak maila handian borroka eta kata modalitateetan

Ataria 2024ko mai. 17a, 19:37

Lur Zabalak bosgarren postua lortu du Espainiako Judoko Txapelketa Unibertsitarioan. Kadete mailako lehen Gipuzkoako Kata Txapelketan, Markel Jaka-Xuban Urkizar bikoteak bigarren egin du.

Pasa den asteburuan bi txapelketatan hartu dute parte Tolosa Judo Klubeko judokek. Alde batetik, Lur Zabalak Espainiako Judoko Txapelketa Unibertsitarioa jokatu zuen UPV/EHUrekin. Txapelketa Jakan jokatu zen larunbatean. Zabalak 57 kiloz azpiko kategorian hartu zuen parte eta txapelketa oso ondo hasi zuen bere lehen bi borrokak Ippon bidez irabaziz. Lehen borroka hasieratik dominatu zuen eta lurrean amaitzea lortu zuen. Bigarren borroka ere lurrean irabazi zuen, baina borroka horretan momentu delikatu batzuei aurre egin behar izan zien, eta horretan datza garaipen horren meritua. Hirugarren lehia finalerdietakoa izan zen eta bertan Galiziako judoka baten aurka aritu zen; borroka horretan ezer gutxi egin ahal izan zuen Zabalak eta judoka galiziarrak hasieratik dominatu zuen. Finalerako pasea galduta, brontzearen borroka geratzen zitzaion Zabalari. Borroka gogor baten ostean denbora agortu eta Zabalaren aurkariak irabazi zuen puntuetara. Horrekin dominak eskuetatik ihes egin zion Zabalari, baina meritu handiko bosgarren postu batekin itzuli zen.

Bestalde, igandean infantil eta kadete mailako lehen Gipuzkoako Kata Txapelketa egin zen. Txapelketa horrekin Gipuzkoako Federazioak lan talde bat abiarazi nahi du Tolosan azken urteetan egin den lan ona beste klub gehiagoetara zabaltzeko. Hori prestatzeko hainbat saio egin dira denboraldian zehar, eta bertan Tolosan goi mailan aritzen diren bi bikoteak egon dira prestatzaile moduan. Tolosatik kadete mailako Markel Jaka-Xuban Urkizar bikotea aurkeztu zen txapelketara, eta Unai Saralegi epaile moduan aritu zen. Azken asteetan Unai Regillagarekin prestaketa bizitu ostean gogo handiarekin aurkeztu zen tolosar bikotea. Lan oso ona egin zuten mutilek, eta lanean jarraitzeko animatu die txapelketa horrek. Bigarren postua eskuratu zuten txapelketan.

Azkenik, kata modalitatean jarraituz, Judo Klub Tolosako Nage no Katako bi bikoteak, Unai Saralegi-Unai Regillaga eta Joseba Regillaga-Joseba Etxarri, ekainaren 10 eta 11n Sarajevon (Bosnia) jokatuko den absolutu mailako Europako Txapelketan parte hartzeko izendatu ditu Espainiako Federazioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!