Sastrakak garbitzeko lanak egingo ditu udalak hainbat puntutan

Ataria 2024ko maiatzaren 17a

San Esteban auzoko aparkalekuan garbiketa lanak egingo dituzte.

Asteazkenetik ostiralera egingo dituzte lanak, eta hainbat gunetan ezingo da autorik aparkatu; Amaiur parkearen estalkia garbituko dute ostegunean eta ostiralean eta egun horietan itxita egongo da parkea.

Tolosako Udalak sastrakak garbitzeko lanak egingo ditu herriko hainbat puntutan. Asteazkenetik ostiralera, hau da, hilaren 22tik 24ra egingo dituzte lan horiek, «eremu publikoak garbi mantentzearekin batera, bide segurtasuna hobetzeko».

Asteazkenean, maiatzaren 22an Bentaundiko aparkalekuan, Bentaundi eta Araba etorbidearen arteko bidean eta Artzabaltzako sarreratik egurrezko zubira bitartean (bidegorria) eta Artzabaltzako goiko aldean egingo dituzte lanak.

Ostegunean, maiatzaren 23an, Izaskungo igoeran, Brigadaren ondoko San Esteban aparkalekuan, Industrialdeko ezpondan eta San Estebango azken aparkalekuan egingo dituzte lanak. Azkenik, ostiralean, maiatzaren 24an, Txaramarako bidean eta Zirkua egoten den aparkalekuan egingo dituzte lanak.

Esku-hartze horren harira, Tolosako Udalak aipatutako egunetan ibilgailuak adierazitako guneetan ez aparkatzea eskatu die herritarrei, garbiketa-lanak errazteko. Puntu horiek behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eragozpenak saihesteko eta lanak eraginkortasunez eta segurtasunez egin ahal izateko.

Amaiur parkea itxita

Bestalde, datorren ostegunean eta ostiralean, hilaren 23an eta 24an, Amaiur parkeko estalkiaren garbiketa egingo du udalak, eta hori dela eta, parkea itxita egongo da lanak egiten ari diren bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!