Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak mobilizatzen hasi dira

Ataria 2024ko mai. 17a, 12:42

Tolosako etxez etxeko langileek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean.

Zerbitzua eta lan baldintzak «duinduko» dituen hitzarmena aldarrikatzen dute, eta zerbitzua kudeatzen duen enpresari eta Tolosako Udalari erantzukizunez jokatzeko eskatu diete.

Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileak «hitzarmen duin baten alde» mobilizatzen hasi dira. Tolosako Udalak ematen duen zerbitzua Matia Goxara enpresak kudeatzen du, eta 53 langilek egiten dute lan.

ELA sindikatuak esan duenez, bertako langileek egiten dituzten lan orduen arabera kobratzen dute; «ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetez hilabete, beraz, pairatzen duten ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du euren lan eta bizi-baldintzetan eta baita erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuan ere».

Sindikatuak egoera berean dauden Ordiziako eta Beasaingo langileekin alderatu du Tolosakoen egoera: «Matia Goxara enpresaren kargura dauden Ordiziako eta Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko lankideek baino %25 gutxiagoko soldatak dituzte eta beste hainbat hobekuntza dituen lan hitzarmena dute lan berbera egiteagatik». Hori horrela, Tolosan ere hitzarmen bat negoziatu eta adostu ahal izateko baliabideak jar ditzaten eskatu diete Matia Goxara enpresari eta Tolosako Udalari.

ELAk esan duenez, hainbat bilera egin dituzte dagoeneko enpresarekin eta udalarekin, «baina oraingoz egoera ez da aldatu», eta hitzarmenik gabe jarraitzen dute. Horregatik, bi aldeei «erantzukizuna euren gain hartzea» eskatu diete, «bai zerbitzuak bai eta langileek baldintza duinak izan ditzaten».

Era berean, gogoratu dute zerbitzu soziosanitarioko langileek «asko» sufritu dutela pandemian, «osasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jarriz»: «Ez dira funtsezko langiletzat hartu, ezta pandemiaren unerik gogorrenetan ere, eta ikusezin jarraitzen dute». Halaber, «sektore feminizatua» izateak «zuzeneko eragina» duela euren lan baldintzetan adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!